argia.eus
INPRIMATU
Motibazioa hezkuntzan

Amets Bengoetxea 2021eko irailaren 16a

Irailaren 14a da eta gaur osatu da aurtengo eskolako lantaldea. Gaur. Hamalau egun pasa dira oporren bueltan irakasleok ikastetxeetara itzuli ginenetik. Hamalau egunez, antolatu, prestatu, mila gauza adostu ditugu. Ikaslerik gabeko egunak hiruhilekoa eta urtea baldintzatzen dute. Gauzak horrela, familia batzuek gaur arte itxaron behar izan dute ikasturte honetan beraien seme-alaben tutorea izango dena ezagutzeko. Esan gabe doa “fenomeno” hau eskola publikoetan eman ohi den errealitatea dela.

Urteak dira ikasturtea hasierak kaos bat bilakatu direla eta arduradunek ez dute ezer aldatzen; baina zergatik? Sindikatu nagusiak kexu dira eta arrazoi guztia dute ikastetxe baten hornitze prozesuetan egoten diren kalapita tekniko guztiak salatzen dituztenean. Tamalez ez diete kasu gehiegirik egiten. Baina sistema publikoan ardura duten pertsona askoren inkontzientean ideia berdin bat badagoela iruditzen zait.“Berdin zait zer gertatzen den ikastetxe/ospitale/zaintza/laguntza/pentsio publikoekin; total, nik ez baititut halakorik erabiliko”.

"Sistema publikoetako langileei, teknikari zein politikari, behin betiko zein behin behinekoei, sistema publikoa bakarrik erabiltzera derrigortu beharko litzaieke"

Motibazioa kontua da. Zerk bultzatuko du sistema publikoaren kudeatzaile bat sistema hobetzera ez berak, ezta bere familiak sistema hori erabiliko ez badute? Eta berdina esan genezake administrazio publikoan lan egin eta sistema pribatuak kontratatzen dituztenei buruz, hasi parlamentariengatik eta udaletxeko administrari laguntzaileenganaino. Eta noski bidean dauden diputazio, agentzia, hezkuntza zein osasun erakundeetan dauden langileetatik igaroz.

Gaur irailaren 14a da eta toki askotan ez daukagu anbulatorioetan lehen mailako arretarik, kirurgia eta operazio andana atzeratuta dira datarik gabe, ospitaleen desegitea, froga medikuak egiteko itxaron denbora luzeegiak,...

Gogo edo kudeatzeko gaitasun eza sistema publikoaren erabiltzaileek pairatzen dugu eta honek ez du hobetzeko itxurarik. Hara hor hau hobetzeko proposamen bat: Sistema publikoetako langileei, teknikari zein politikari, behin betiko zein behin behinekoei, sistema publikoa bakarrik erabiltzera derrigortu beharko litzaieke. Inork ez du inor soldata publiko bat izatera behartzen, baina hautu hau egiten dutenak sistemaren alde egin beharko lukete. Hala, sisteman dauden akatsak, burokraziak, epeak eta eskaintzen den zerbitzuaren kalitatea asko hobetuko litzateke.

Sarri hegoalderago dauden herriei begiratzen diegu gure sistema hobeagotzat hartzen dugularik, baina Europako galtzaileekin alderatzen ari gara. Begira dezagun iparraldera, badaukagu zer ikasi eta.