argia.eus
INPRIMATU
Mossoak auzitara, ustez haien esku hildako pertsona bat HIESdun gisa seinalatzeagatik
  • HIESaren gaia lantzen duten bederatzi elkartek Kataluniako Polizien Sindikatua (SPC) auzitara eramango dute. Esquadra Mossoek jipoituta hil zuten gizon batek gaitza zuela argitaratzea leporatzen diote. 

Saioa Alkaiza Guallar @SaioaAlkaiza 2013ko azaroaren 28a
Mossoekin tira-bitan hildako Benitezen omenaldia. (Eldiario.es)

Urriaren 6an hil zen Juan Andrés Benitez, mossoak bera atxilotzen ari zirenean. Gaiak hautsak harrotu ditu, izan ere, hainbat gizarte eragilek kritikatu dute segurtasun indarretako kideek erabilitako “bortizkeriaren” ondorioz hil zela. Orain, epaitegiak ikertzen ari dira operazioan parte hartu zuten polizien jarrera egokia izan zen ala ez.

Kataluniako Polizia Sindikatuak, baina, argi utzi du bere jarrera: agenteek “ongi” jokatu zuten. Babesa erakusteko idazkia kaleratu du eta testuan ageri da elkarteek salatutako informazioa.

“Benitez atxilotu bitartean izandako oldarraldiak medio, bi mossoek tratamendu erretrobirala hartu beharko dute”, dio SPCren oharrak. Esaldi horren harira, jo dute epailearengana elkarteek. Botika erretrobiralak HIESaren kontra hartzen dira, beraz uste dute sindikatua Benitezek gaixotasuna zuela iradokitzen ari dela.

Diotenez, “estigmatizazio serofoboa” indartzen du mossoen idazkiak. Gogoratu dutenez, Benitez Associació Catalana d´Empreses per a Gais i Lesbianes-eko (Enpresari gay eta lesbianentzako elkartea) kidea zen. Ondorioz, Kataluniako CCOOk galdera zuzena egin dio polizia sindikatuari: “Gayak HIESAren igorle bezala markatu nahi dituzue?”.

Pertsonaren intimitatea urratzen

HIESaren gaia jorratzen duten elkarteek esan dute Bartzelonako ospitaletik edo forentsearen txostenetik baino ezin izan dituztela lortu datuak, eta argitara ematea delitu dela.

“Intimitatzea urratzea” da agenteei leporatutako kargua. Salaketak aurrera eginez gero, lau urteko espetxe zigorra ezar diezaieke epaileak.

Juan Andres Benitezen atxiloketaren momentua: