Mossoek eta Bartzelonako udaltzainek 20 kanpin denda eraman dituzte ostegun gauean Katalunia Plazatik, kanpaturik dauden independentistak uxatze aldera. Bertan pasa dute gaua ordea, lurrean lo, eta igandera arte han geratuko direla adierazi dute.
Goizeko ordubata aldera sartu ziren poliziak plazan, kolpeka eta bultzaka, lekukoek adierazi dutenez. Bertan zeudenak identifikatu eta kanpin dendak eta tresneria eraman zituzten.
Independentziari buruzko galdeketaren aldeko herritarrak –90 lagun inguru–, ordea, bertan geratu dira, jendeak utzitako koltxoneta, manta eta bestelakoei esker.
Haien asmoa zen Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren aurrean kanpatzea, baina Mossoek lekua blokatu eta azkenean Katalunia Plazara joatea erabaki zuten.
Dendak kentzeko agindua Kataluniako Barne kontseilari Ramon Espadalerrek eman du. Bartzelonako Udalak operazioa babestu du, Xavier Trias alkateak aditzera eman arren ez zuela kanpaldiaren aurka egingo, Directa.cat agerkariak nabarmendu duen moduan.