argia.eus
INPRIMATU
Brouarden heriotza argituko lukeen grabazioa aurkeztu du Amedok epaitegietan
  • Luis Morcillo enpresariak onartzen du Santi Brouard HBko mahaikidea 1984an berak hil zuela, José Amedok aurkeztutako grabazio batzuetan. El Correo egunkariak eman du albistea, eta bertan diotenez, Bilboko epaitegiak salaketa egunotan tramitera eraman du.

Martin Vicioso @martinvicioso 2013ko otsailaren 14a
Brouard GALek hil zuen bere kontsultan 1984ean (Arg: Argiako artxiboa)

Vocento taldeak paperean gaur plazaratutakoaren arabera, José Amedo polizia ohi eta GALeko kideak hiru grabazio aurkeztu dizkio epaileari. 2011koak dira, eta lehenengoan Morcillok zuzenean azaltzen du berak tirokatu zuela Brouard. Enpresariari hilketaz galdetzean, bularrean lau tiro eman zizkiola erantzuten du argitaratutako informazioen arabera. Halaber, Julián Sancristóbal orduko Estatuko Segurtasun zuzendari orokorrari egotzi dio errua. Hasieratik hark antolatutako atentatua zela azpimarratzen du, eta hala dio: “Esan dezaket Brouard nik hil nuela eta Sancristobalek agindu zidala”.

Luis Morcillok publikoki ez du sekula onartu bera izan zenik hilketa burutu zuena. Aldiz, bera eta Rafael López Ocaña izan zirela ebatzi zuen zuen epaileak 1990ean, eta 33 urteko kartzela zigorra ezarri zien. Hala ere, horietatik 12 zituten espetxean eta libre atera ziren. Amedo bera, oraingoan salaketa jarri duena, absolbitu egin zuten froga faltagatik.

López Ocañak 2005ean Espainiako Telecinco kateari egindako adierazpenetan bere burua eta Morcillorena seinalatzeaz gain, Sancristobalek ordaindu ziela esan zuen. Beraz, epaitegiak aztertzen ari diren grabazio berri hauek, ustez, haren testigantzarekin koherenteak dira.

Informazio gehiago:

Santi Brouard. Euskal Herria Osagai. Duintasuna omen dokumentala multimedia kanalean.

Brouarden hileta eguneko eta hurrengo bi eguneko greba orokorreko irudiak: