argia.eus
INPRIMATU
Moralesek irabazi du, baina ez dago argi bigarren itzulia beharko duen
  • Igande eguneko kontaketa ofiziala %80ra arte iritsi zen eta Evo Morales eta Carlos Mesaren arteko zazpi puntuko aldea erakusten zuen, beraz, bigarren itzuliak erabaki beharko zuen garailea.

ARGIA @argia 2019ko urriaren 22a

Morales eta Mesaren arteko tartea horrela finkatu zen egunean zehar: %46,4 Moralesen MASek eta %37 Mesaren Komunitate Herritarrak. Astelehenaren amaieran, ordea, botoen kontaketaren %95era iritsi ziren eta horren arabera, Moralesek %46’85 zuen eta Mesak % 36’74, hau da 10,1 puntu gehiago.

Kontaketa egiten duen hauteskunde batzordearen arabera, giltzarri izan dira landa guneetako eta atzerriko botoak, non Moralesek oro har aise irabazten duen. Lehenak hirietakoak baino askoz polikiago doaz iristen kontaketa guneetara; atzerriko botoak 300.000 izan dira.

Oraindik, dena den, ez dago garbi bigarren itzulia beharko den hala ez –izatekoan, abenduan litzateke– %5 kontatzea falta baita. Kontaketaren berri izan ahala, oposizioak hauteskunde iruzurra salatu du eta bigarren itzulia ezinbestekotzat jo du. Iruzur salaketekin batera astelehenean istilu garrantzitsuak piztu ziren hiri handietan eta hauteskunde batzordeak lau eremutako kontaketa eten egin zuen, bere lana bermeekin ezin zezakeela egin salatuz.

Nazioarteko 200dik gora behatzaile ere izan dira hauteskunde prozesua zaintzen eta lehen unean arazorik ikusi ez badute ere, orain kontaketaren geldotasunak eta etenak kezka ekarri diela jakinarazi du Manuel Gonzalez Sanz Costa Ricako mandatari ohi eta behatzaile taldeko buruak.