argia.eus
INPRIMATU
Moralaren estetika poltsa batean
  • Labezomorro bat hiltzen baduzu heroia zara. Tximeleta bat hiltzen baduzu gaiztoa. Moralak irizpide estetikoak ditu. Friedrich Nietzschek esana da.

    Egun okertu egin da moralaren estetika; ez dakit zer esango lukeen gaur, mende eta erdi geroago filosofo alemaniarrak, baina moralaren izenean –dutenak– eta batez ere estetikaren izenean –ia denok– edozertarako gai gara, geure buruaz beste bat egiteraino.

Jakoba Errekondo 2023ko urriaren 09a

Geure buruari barre egiten diogu, bai. Naturazaleak gara oso, ingurumena maite dugu, baina gure alabak zaborrak itoko dituen mundu batean bizitzera behartuko ditugu, arnasarik ere hartzeko zirrikiturik izango ez duten munduan, eta utziko diegun urarekin egarri asegaitza izango dute bizitza guztian. Guk hilko ditugu geure alabak. Egiten dugunari begiratu besterik ez dugu. Hona adibidetxo bat.

Luartokirako moduko poltsak. Gero eta gehiago erabiliko dituzu luartzeko egokiak edo konpostatzeko modukoak diren poltsak. Poz punttua ere ematen du poltsa hori erabiltzeak… “Ez dut plastiko txar, zikin, kutsakor… nire ametsetako munduaren hondatzaile nagusia den material hori erabiltzen”. Labezomorroa hiltzen duen heroia zara. “Alde ederreko material leun, bigun, gozo, xuabea da beste hau, eta ingurumena zaintzen dut”. Bai, eta zenbat eta poltsa gehiago erabili, gehiago zaintzen duzu…

Ikerketa asko egiten ari da poltsa santu horien gainean. Espainiako CSICeko ikerlariek zuzendu eta Journal of Hazardous Materials aldizkarian argitaratu berria duten batean luartokirako moduko poltsa horiek ezlekuan jartzen dituzte. Kutsatzaile handiak omen, bi aiekatatik: bai berak sortzeko bidean erabiltzen diren ezkutuko osagai toxikoen aiekatik –ederki asko patentatuak daudenez ezin argitara atera, ezta nahi ere!–, bai deuseztatu ahala sortzen dituzten hondakin zatitxoengatik ere.

Gaur egun luartzeko moduko poltsa aukera handia dago, artoarekin, patatarekin, zuntzekin eta abarrekin eginak, baina horien ibilbidea ezagutu behar. Etxeko luartokietan ez omen dira behar bezala desegiten; luartze industrialean soilik deuseztatzen dira. Erremedioa ez da hain zaila: utikan poltsak, ber-ber-berrerabilgarriak edo paperezkoak ez badira…

Gure alabarengan pentsa dezagun, gainontzean bart arratsean ondutako bibelarrak etxeratzeko lanetan ari ginela Getariako Antton lagunak zioen eran “munduaren akabera dek hau”. Poltsa batean sartutako munduarena.