Moonplace Records: Pasioz eta mimoz

  • Moonpalace Records zigilu diskografikoak 9 urte daramatza merkatu nagusitik at sortutako musika independentea kaleratzen, pasioz eta mimoz, dirua baino eskaintzaren koherentzia bilatuz. Juanra Pradok 35 urte ditu eta Enpresa Zientzietan diplomatua da. Badu bere lana, baina aisialdian diskoak editatzen ditu “beste batzuk korrika egitera irteten diren bezala”. Donostiako Gladys Enea parkean elkarrizketatu dugu eta bere jarrera bareak, zigiluaren ikurra den Dodo txoriak bezala, editatzen duen musika lasaiaren adierazle dirudi.


2012ko apirilaren 09an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:03
Juanra Prado (Argazkia: Dani Blanco)

“Bakarrik lan egiten dudanez nire gustuen arabera hautatzen dut musika. Soinu barea eta sustrai antzerakoak dituzten taldeak bilatzen ditut, erosleak koherentzia bat topa dezan zigiluan”. 23 lan atera ditu orain arte, 100 disko inguruko edizio mugatuak plazaratuz. Indie, folk zein pop alternatiboa belarrien gozagarri. Espainiako artisten eskutik Segunda Vedette edo Ursula taldeak ezagutu ditugu. Belarria Europa aldera luzatuz, Burzinski artista frantziarraren ahots lokartua eta Erresuma Batuko Tex La Homa taldearen malenkonia, besteren artean. Euskaldunak ere badira katalogoan: Manett, Saioa, Elurretan eta Joseba Irazoki. Pradok musikari maila teknikoan eskurik sartzen ez badio ere, ongi lanpetuak izaten ditu hatz-mamiak diseinu lanetan. Diskoetxeko bereizgarri dira kartoiz, kartoi mehez, kautxuz eta seiluz sortzen dituen kaxak. Saioaren Matrioska heart diskoa matrioxka itxurako kaxa eder eta kurios baten barruan dator. “Balio erantsia diseinuarena da. Ez da plastikozko kaxa huts bat. Pertsonalizatuak dira”.

2000. urtean hainbat talderen bilduma lan batekin ekin zion musika editatzeari. Fabrikatik pasatako lana izan zen hura: “Mila kopia egin genituen. Europan eta mundu osoan zehar saltzen zen. Eromena zen. Nazkatuta amaitu nuen burokrazia eta administrazio lanekin. Orduan erabaki nuen beste modu batera lan egitea”. Dirua irabaztea ez da lehentasuna Moonpalacen. Ezta aukera bat ere, autofinantzatzeko izaten baita ateratakoa. “Dirua irabazteko tentazioa baino, dirua ez galtzeko tentazioa eman izan dit” dio umorea galdu gabe Pradok. Disko batzuk oso ondo saltzen dira eta beste batzuk ez. Batzuek besteak konpentsatzen dituzte. Nolanahi, Pradoren helburua atsegin duen lanean jardutea da. “Errealista naiz. Editatzen dudan musikarekin bizibidea ateratzea ezinezkoa litzateke, ziurrenik. Eta, hala ere, ez nuke nahi. Ahal dudan neurrian lan eginda hartzen dut atsegin”.

Editatu dituenen artean, izan dira batere seilurik izan ez eta beragana jo duten sortzaileak. Baina askok ez dute beste seilu handiagorik nahi. Goranahi berezirik gabe ekin diote Pradorekin lan egiteari, katalogoa atsegin zutelako. Ez dio kalterik ikusten berak zigilu handiagoei. “Beharbada talde batzuk hala nahi izango balute zigilu handi batera helduko lirateke. Hala balitz primeran! Poztuko nintzateke”. Bidehuts bezalako proiektu autogestionatuek ondo funtzionatzen dutela uste du, baina maila apalagoan ez du ezagutzen berea bezalako zigilu txikirik, apenas. “Euskadi mailan betikoek diraute. Gaztelupeko Hotsak, Gor… Lanak autoeditatzen dituen talde ugari dago, bestalde. Eta ona da hori. Erraza da eta jendearengana irits daitezke”.

Euskaldunak eta egile eskubideak

Euskal musikarien lanak grabatu aurretik, euskaldunek ez zioten diskorik erosten. Espainiako beste txokoetatik jasotzen zituen eskaerak. Joseba Irazokiren aurreneko lanarekin aldatu zen egoera, Folk me, laztana izeneko lana Brian Michael Roff artistarekin atera zuenean 2006. urtean. Artista bakoitzaren bosna abesti editatu zituen Pradok eta horri esker hasi zen euskaldunen artean salmentak egiten. Urtebete geroago, Saioaren Particular Land lehen lanarekin areagotu zen joera. “Euskaditik jaso nituen lehen eskariak bi artista hauen lanak jasotzeko baziren ere, orain erosle berberek katalogoko lan gehiago eskatzen dizkidate. Horretan lagundu du Joseba Irazokik. Leku askotan jotzen du, jende ugari ezagutzen du eta bere bitartez jendea zigilua ezagutzen ari da”.

Bandcamp plataforma erabiliz katalogo osoa entzun daiteke interneteko atarian. Kalitate bikaina du eta nahi adina musika koloka daiteke. Deskargagarri ez badaude, ez da deskargen aurkako filosofiagatik. Aipatutako esku lanari emandako garrantziak du errua, diskoa objektu bezala zaintzearen alde dago. Espainiako Diputatuen Kongresuan onartu zen Sinde legea iragan otsailaren 15ean. Deskargak egitea ahalbidetzen duten atariak ixtea baimen dezake lege honek. Autore eskubideen gainean Moonpalaceko musikariek hautu ezberdinak egin dituzte. “Artista batzuek SGAEn erregistratzen dituzte kantak, beste batzuek ez. Nik ez dut eskubiderik eskatzen, kopiak ateratzeko behar dena bakarrik”. Deskargagarri ez badaude ere, bada salbuespenik. Joseba Irazokik Euria ari du jaisteko moduan ipini nahi izan zuen. Artista gehienentzat helburua ez da salmentekin dirua egitea. Promozioa eta kontzertuak lortzea baizik.

Profesioa eta pasioa

Gaur arte aurkeztu dituen musikarien hautua bide ezberdinetatik egin izan du Pradok. “Jendea nigana etorri izan da zigilua ezagutzen zuelako eta beste batzuk nik bilatu izan ditut webguneetan”. Bederatzi urteko bide luzean inoiz erretiratzeko gogorik izan duen galdetu eta irribarrez erantzun digu inoiz nekaturik sentitu arren, pasioak proiektua mantentzera daramala. Beti heltzen zaio musika berriren bat belarrietara. “Atera dudan azken lana, House of Wolves taldearen Fold in the wind izenekoa, urtetan entzun dudan gauza ederrenetakoa da. Iaz proiektua baztertu izan banu ezin izango nituzkeen plazaratu! Beti agertzen da tentatzen nauen musika berriren bat”. Hasiberrientzako aholkua eskatu eta norbere burua ez behartzeko gomendatu digu: “Ez hartu serioegi. Atseginez aritu. Nik ondo bereizten dut zaletasuna dela eta ez profesioa”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Diskoak
2022-11-27 | Iker Barandiaran
Bizi(g)arria

Harritu nau –zentzu onean– proiektu berri honek. Adiera edo zentzu asko ditu hitzak eta Bergaran Aitor Aldanondok harri baten inguruan sortutako honek baditu hainbat. Urteetan hartutakoa –bizitakoa– nolabait atera nahi izan du lan honetan.

Ibilbide... [+]


2022-11-20 | Xalba Ramirez
Zintzo izatearen fantasia

Eñaut Elorrietaren inguruko dokumental bat egin zutela-eta, Tabakalerara gonbidatu ninduten orain bizpahiru aste. Gustuz hartu nuen lagunarteko estreinaldirako gonbita, baina zinema aretora hurbiltzean jende asko hasi nintzen topatzen; hor Paul eta Itziar, hor Sarri, hor... [+]


2022-11-06 | Iker Barandiaran
Katuek baino ertz gehiago

Batzuetan elementu asko elkartu behar dira aurreikusi ez duzun emaitza bat ateratzeko. Hori gertatu da nolabait Gernika eta Bermeo artean sortutako Feline taldearekin. Primeros Auxilios punk taldeko Iñaki Baini-k etxean elektronikarekin jolasteari ekin eta maketa batzuk... [+]


2022-10-30 | Xalba Ramirez
Gustuko lautadan nekerik ez

"Hemen, errebelazio bat bezala, espazioa eta denbora argiago ikusten dira". Miren Narbaiza bueltan da berriz, eta eskerrak. Eszenak eman duen kantugilerik berezienetako bat da Narbaiza. Kanta berriak nola gobernatzen dituen ikustea besterik ez dago.

Zeren, sortzaile... [+]


2022-10-16 | Iker Barandiaran
Bi altxor eta sorleku bakarra: Buenawixta

Asko poztu nintzen Artza anaiek diskoetxe berria abiaraztearekin bat Barrakos-en maketa –non erosiko nuen, Boga tabernan?– berreskuratu eta biniloan ateratzeko asmoa zutela jakitean. Izan ere, aipatutako maketa –1990koa– gure musika historian oharkabean... [+]


Eguneraketa berriak daude