argia.eus
INPRIMATU
Montxo Martínez etakidea 1975ean poliziek hil zutela erakusten duten frogak aurkeztu dituzte
  • Bertsio ofizialaren arabera, ETAko militante Montxo Martínez Antiak 1975ean bere buruaz beste egin zuen Madrilen, Poliziak inguratuta zuen eraikin batean. Eusko Jaurlaritzak bertsio horri eutsi zion 2015ean. Orain, GEBehatokiak ikerketa egin du eta ondorioztatu du poliziek tiroz hil zutela militante donostiarra.

Ekain Carrasco Tellaetxe 2025eko urriaren 09a
1978an Montxo Antiari egindako omenaldia

1975eko irailaren 18an, Francok agindutako azken fusilamenduak baino egun batzuk lehenago, Poliziak Montxo Martínez Antia ETApm-ko kidea tiroz hil zuela erakusten duten frogak aurkeztu ditu GEBehatokiak, ikerketa baten bidez.

Bertsio ofizialak zioen bere buruaz beste egin zuela Poliziak inguratuta zuen eraikin batean Madrilen. Eusko Jaurlaritzako Balorazio Batzordeak ere hori berretsi zuen 2015ean, suizidioaren bertsio ofizial frankista indargabetzen zuen frogarik ez zegoela argudiatuta.

Montxo Martínez Antía irailaren 12an omendu zuten, hilketaren 50. urteurrenean. Xalba Ramirez

Martínezen familiak, ordea, hilketaren bertsioari eutsi eta GEBehatokiari kasua iker zezan eskatu zion iaz. Naiz-en arabera, ikerketa egiteko gorpua lurpetik atera dute –nahiz eta ezin izan den frogarik lortu, gorpuzkinen egoeragatik– eta armen peritu-froga egin dute.

Martínezen familiak hilketaren bertsioari eutsi eta GEBehatokiari kasua iker zezan eskatu zion iaz. Ikerketa egiteko gorpua lurpetik atera dute –nahiz eta ezin izan den frogarik lortu, gorpuzkinen egoeragatik– eta armen peritu-froga egin dute

Gainera, senide zuzenen eta erakunde armatuko kide ohien testigantzak ere jaso dituzte –Francisco Javier Ruiz de Apodaka eta Iñaki Mujika Arregirenak–. Horietan, suizidioaren tesia baztertzen dute, “Martínez Antiaren nortasuna, Madrilen egin nahi zuten operazioaren helburuak eta heriotzaren testuinguru politiko eta soziala oinarri hartuta”.

Bestalde,  Mikel Lejarza El Lobo, ETAn infiltratu gisa jardun zuenaren aitorpenak ere erabili dituzte estatu krimena izan zela esateko. Lejarzak,  Yo confieso, 45 años de espía (Aitortzen dut, 45 urtez isilmandatari) liburuan aitortzen du berak erraztu zuela operazioa.

Montxo Martínez Antiaren hiletak. Argia artxiboa CC-BY-SA

Horrekin guztiarekin, GEBehatokiak kasuaren balorazio berri bat egiteko eskatu dio Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburu María Jesús San Joséri, “estatuaren biktima gisa aitortua izan eta behar bezala erreparatzeko”. 

Ostegun honetan hitzaldi batean azalduko dute auzia, Donostiako Gazteszena zentroan, 18:30ean. Bertan, memoranduma eta ateratako ondorioak aurkeztuko dituzte GEBehatokiko Aholku Batzordeko kide Axun Lasak, elkarte horretako kide Joxean Agirrek eta Martínez Antiaren militante-kide Francisco Javier Ruiz de Apodakak, Berriak aurreratu duenez. Gainera, GEBehatokiak ekoitzi duen dokumentala aurkeztuko dute: Montxo: Kasu irekia

Dokumentalaren trailerra: