Joan zen asteartean, ekainak 3, utzi (behar izan) zuen kargua Luvsannamsrain Oyun-Erdene Mongoliako lehen ministroak, Parlamentuan konfiantza-bozketa galdu ondoren. Garaipen argi eta garbia izan zen, ezbairik gabekoa, Ulan Bator hiriburuko Sükhbaatar plazan hiru aste etenik gabeko protestan ari ziren mongoliar gazteentzat. Hortik aurrerakoa, ikusi egin beharko da. Krisi politikoa ez da amaitu, inondik ere.
Baina kontua –gure aldetik– ez da hori, baizik jazoera horrek izan duen arreta… eskasa ez, nulua. Interneteko zoko galduetara joan behar da hari buruzko oinarrizko informazioa kausitzeko. Ez da izango, bada, garrantzi geopolitikorik ez duelako: munduko potentzia nagusietako biren arteko estatu-tanpoia da Mongolia: milioi eta erdi kilometro koadro, hiru milioi eta erdi biztanle; ia erdiak, hiriburuan.
Hein batean, ulertzekoa litzateke bi auzokide erraldoi horiek, Txina eta Errusia, adi bezain isilik egotea krisiaren akabua zein izango den zain. Duela ehun urtetik hona, Errusiaren satelite moduko zerbait izan da Mongolia. Eta ez da ahaztu behar, milaka urteko historia gatazkatsua ez ezik, egungo Txinak eta Mongoliak erabateko lotura ekonomikoa dutela erkide... eta munduko mongoliar gehienak Txinan bizi direla. Ulertzekoa litzateke, beraz, haien tentua.
Ulertezinagoa da, ordea, Mendebaldearen inhibizioa. Beste batzuetan –aspaldi gabe, Georgian, demagun– inplikazioa erabatekoa eta, esan dezagun, lotsagabea izan denean. “Mongoliako udaberriak” kolorerik izan ez duelako ote? Inondiko bultzadarik eta diseinurik gabea, bertakoen eta bertako kontuez izan delako? Urrutiegi geratzen zaigulako? Aurrekarietatik zerbait ikasi dugulako?
Gaizki pentsatzen jarrita, otu zait agertokiaren hotzikara ere izan daitekeela: mongoliar iraultza sobietarraren heroiaren izena darama Sükhbaatar plazak, Ulan Batorren erdi-erdian. Haren alboetako batean, gobernu-jauregia dago, sarreran Gengis Khanen estatua jesarri erraldoia duela; haren ezker-eskuin, Ogodei, semea, eta Kublai, biloba; eta multzoa osatzeko, zaldiz, Borkhu eta Mukhali, haren jeneralak. Aurtengo udaberriko manifestariek arbuiatu baino gehiago bereganatu egin nahi izan dituztela diruditenak. Historia dakitenentzat, aintzat hartzekoa litzateke mezua.
Ustelkeriaren aurkako borrokalari sutsuena bezala agertu ohi zen –eta hauteskundeak hala irabazi zituen– lehen ministroaren semearen aberaskeriak izan dira matxinadaren pizgailua. Mobilizazio maila nahiko apala izan da, Mongolia eta Ulan Batorreko neurrirako ere; eta baketsua guztiz. Baina, ikusten denez, nahikoa, bertako joko politikoaren taula iraultzeko. Gero gerokoak.
Agian, horrela izan behar dute kolorerik gabeko iraultzak.