Fagor Etxetresnak, Edesa eta azken hilabeteetan krisi larrian den Grumal sartu ditu Jaurlaritzak bideragarritasun planean. Horien salbamendura bideratutako diru publikoak enpresako bazkide ez diren langileak ez dituela aintzakotzat hartzen salatu du ELAk. 335 behargin dira egoera honetan daudenak.
ELAk Jaurlaritzari jakinarazi dio Confort adarra salbatzeko bideragarritasun planera zuzenduko duen diru publikoaren “euro bakoitzak” 335 langile kaleratzea eragingo duela. Eusko Jaurlaritza Grumaleko 147 langile, Edesako 82 eta Fagorreko 106 beharginen kaleratzearen “konplize” bilakatuko dela diote sindikatuko kideek.
Joseba Villarreal negoziazio kolektiboko arduradunak, Itziar Larrazabal industria eta eraikuntzako arduradunak eta Edesa eta Grumaleko zenbait ordezkarik prentsaurrekoa eman zuten atzo Donostian. “Bazterkeria, informazio falta, abandonua eta gutxiespena” pairatzen ari direla adierazi zuten aipatu kooperatibetako bazkide ez diren langileek, Mondragon korporazioak ez baititu langile hauek “kontuan hartzen”.
Villarrealen esanetan “bigarren edo hirugarren” mailako langileak izan dira beti , baina oraingoan kooperatiba taldeak “marra gorri guztiak” gainditu ditu. Langileekiko tratuan “multinazional zikoitzenaren pare” jokatu izana egotzi dio Mondragoni eta “kooperatibismoaren printzipio sozialak saldu” dituela adierazi du.
Edesa eta Grumal enpresak azaroaren 29an sartu ziren hartzekodunen konkurtsora, Fagor Etxetresnekin batera.
Grumal 2005ean erosi zuten Fagor Etxetresnek, langileak kooperatibista izateko prozesuan sartuko zituztela aginduta. Zortzi urteotan ordea, ez dute bide horretan aurrera egin, eta enpresa erori denean beste bazkide kooperatibistek babesa ukatu diote Grumali.
Edesako langileei dagokionez berriz, Lagun Aron kudeatu beharrean Gizarte Segurantzan kudeatzen dutenez etengabe salatu dute beste lan bat aurkitzeko orduan lehentasun guztia Fagor Etxetresnakekoei ematen zaiela.
Bien bitartean Mondragonek Edesako zenbait langilek aurkeztutako bideragarritasun plana aztertzen jarraitzen du, behin betiko erabakirik hartu gabe. Mondragonek baieztatu du proposamena “zehaztasun eta seriotasunez” ari direla baloratzen eta beren jarrera zehazten dutenean erabakia jakitera emango dutela.