argia.eus
INPRIMATU
Mondragonek bere balioen inguruan hausnartuko du Kursaaleko kongresuan
  • Korporazioak "(auto)exijentziaren eta (ko)erantzukizunaren kultura" ezartzeko beharraz hitz egingo du. Antolaketa eta finantzaketa eredu berriak ere finkatuko ditu gaurko batzarrean.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2016ko uztailaren 20a

Mondragon talde kooperatiboak uztailaren 20an, asteazkenarekin, zita garrantzitsua du Donostiako Kursaalen. Batzarrean etorkizuneko ildoak markatuko ditu eta aurten batez ere balioen gainean hausnartzeko probestuko dute zita.

Bi ponentzia eztabaidatuko dira: “Etorkizuneko Mondragon” eta “Politika Sozioenpresariala 2017/2020”. Lehenengoan, “(auto)exijentziaren eta (ko)erantzukizunaren kultura” ezartzeko lan egin beharraz hitz egingo dute batez ere. Zentzu horretan, interkooperazioa eta eraldaketa soziala bultzatzeko proposamenak egingo dira.

Eraldaketa sozialaren arloan lanketa handia egin du Mondragon barruan Lanki ikertegiak azkenaldian –ekainean horren inguruko topaketak antolatu zituen–, duela mende erdi baino gehiago hasiriko esperientzia kooperatiboaren helburu eraldatzaileetara itzuli eta kooperatibagintza “berritu” baterako “nortasun ikur” hori aintzat hartzea da proposamena.

Antolaketan eta finantza tresnetan aldaketak

Asteazkeneko batzarrean Mondragonek antolaketa ereduan aldaketa batzuk eztabaidatuko ditu, “errealitate sozioenpresarial berriei erantzuna emateko”. Horretarako sektoreka bereizita dauden hamar proiektu identifikatu dituzte.

Bestalde, finantzaketaren arloan ere tresna berriak aztertuko dituzte batzarrean, negozioen “errentagarritasuna eta jasangarritasuna” kontuan hartuta. Bi funts berri izango ditu Mondragonek, interkooperazioan eta kooperatiben arteko solidaritatean oinarrituta. Ekintzailetza proiektu berriak bultzatzeko Mondragon Star Up funtsa sortzea ere aurreikusten da, kasu honetan hirugarrengoentzako litzateke.

Batzarrean eztabaidatuko den bigarren ponentzian Mondragonek etorkizunean dituen erronkei nola aurre egin hitz egingo dute. “Pertsonen identitate eta konpromisoa” oinarri hartuta enpresak etengabe eraldatu eta egokituz, negozio “lehiakor eta jasangarriak” egin behar direla defendatzen du ponentzia honek.