Ordaindu plataformako bozeramaileek atzo Mondragon Taldeko zuzendari Txema Gisasolarekin izandako bileraren ondoren azaldu dute harremanetan segituko dutela korporazioarekin.
Fagor Etxetresna Elektrikoen (FEE) kapitalean euren aurrezkiak utzi zituzten kaltetuak 800 inguru izan daitezke Ordainduren esanetan eta 87 milioi euro itzuli behar dizkie kooperatibak.
Atzo Mondragon Taldeari eskatu zioten funtsa sortu dezala ekarpenen arazoari irtenbidea emateko, baina korporazioak baztertu egin du oraingoz halakorik egitea. Aitzitik, plataformako bozeramileek “hurbilketa” sumatu dute eta positibotzat baloratu dute Mondragonek “aurrez onartzea konpondu beharreko arazo larri bat dagoela”. Albistea El Diario Vasco eta Gara egunkariek eman dute euren paperezko edizioetan eta ordainketa bidezko bertsio digitaletan.
Herenegun, kaltetuak Eusko Legebiltzarrean izan ziren euren egoera talde politikoei azaltzen eta "babesa" jaso zuten Goienak dioenez. Kanpoaldean bilkura egin zuten:
Legebiltzarreko agerraldian Ordainduk ohartarazi zuen arazoa konpontzen ez bada “domino efektua” eragingo duela eta Mondragoneko beste kooperatiba batzuetako bazkideak jadanik hasi direla eskatzen euren ekarpenak itzultzeko. Besteak beste, El País egunkariak jaso du albistea: Socios de Fagor alertan de la retirada de aportaciones en otras cooperativas.
Atzo Gipuzkoako Auzitegiak emandako epai baten arabera, bestalde, Santander bankuak 40.400 euro itzuli beharko dizkio FEEn ekarpen boluntarioa egin zuen pertsona bati. Albistea Noticias de Gipuzkoa egunkarian irakurgai.
Kooperatibaren itxieraren ondorioz kalean geratu daitekeen langile sektore baten inguruan idatzi du Mondraberri atariak: “Fagor Etxetresnen krisiaren apurtutako jostailuak gara” diote bazkidetza lagapena eginda zeukaten lau pertsonak. Euren gurasoen lanpostuak eskuratzeko aukerarik gabe geratu dira, gurasoek “diru kantitate handiari uko” eginda ere.
Fagor Etxetresenen itxierari lotuta kaltetua suerta litekeen beste sektore bat emakume langileena da. LABek salatu duenez garbiketan aritzen ziren emakume ugari kalean gera litezke, Mondragoneko enpresa handiek lehen azpikontrataturik zeuzkaten zerbitzua barneratuko dutelako. Albistea sindikatuaren webgunean irakur daiteke.
Komunikazio eta autokritika falta
Hondoratzea hasi baino lehen eta ondoren kooperatibak izandako akatsez hainbat artikulu argitaratu dira egunotan.
Fagor Etxetresna Elektrikoen (FEE) eta eredu kooperatiboaren inguruan artikulua kaleratu dute Iñigo Bandres eta Fernando Sabin-ek REASek (Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sareak) ElDiario.es-en duen Idearia blogean.
Beren ustez halako tamainako kooperatiben gestio demokratikoa “erronka konplikatua” da eta horrek agerian utzi du “mugak” jarri behar zaizkiola “enpresaren hazkundeari, deslokalizazioari eta lurralde hedatzeari”. Bestalde informazioaren kudeaketan “gardentasun arazoak” izan direla diote ekonomia sozialeko adituok.
Goio Arana Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultateko irakasleak Fagor Etxetresenen eta Mondragon taldearen komunikazioa eta tokiko hedabideak posta idatzi du bere blogean. Aranaren ustez FEEk “ez du jakin ikusten tokiko –gertuko, herriko– hedabideen indarra eta eragina. Horregatik, komunikazio alorrean Fagorrek eta Mondragon taldeak galdu dute iritzi publikoaren partida, etxean bertan, Debagoienan”.
Komunikazioaren esparruan azken urteetan FEEk izandako jarreran sakondu du, Kataluniako L’Accent egunkariak Fagor: D'empresa model a fiasco sense límits artikuluan.