argia.eus
INPRIMATU
Euskal armagintza industria eztabaidagai (IV)
Moldaketa eraldatzailea
Gasteizkoak talde antimilitarista 2025eko maiatzaren 12a
Otsailaren 27an armagintza arloko euskal enpresa garrantzitsuenetakoa den ITP Aerok ADMIRE zentroa inauguratu zuen Zamudion. Bertan izan ziren Eusko Jaurlaritzako eta Espainiako Gobernuko ordezkaritza zabalak, Imanol Pradales lehendakaria eta Pedro Sánchez presidentea buru Irekia

Aurreko artikulua amaitzeko, Euskal Herriko xahuketa eta gerrarako ekoizpenaren inguruan (EHXGE, edo industria militarra) hitz egiten denean Zedarriak eta Eusko Jaurlaritzak jorratu nahi ez duten helburu bat jarri genuen mahai gainean: Euskal Herrian egindako armamentu-ekoizpenetik elikatzen den gerrarik ez egotea munduan, ezta gerretako heriotzekin negozioa egiten duen euskal merkataririk ere. Sail honetako aurreko artikuluetan ikusi dugunaren ondoren, aukera arrazionalena, koherenteena, duinena eta gizatiarrena litzateke gerren aurka egiteko. Gainera, uste osoa dugu Euskal Herrian gehiengoaren iritzia dela (besteak beste, euskal herritarrek erakutsi soldadutzarekiko eta NATOrekiko gaitzespen zabalean oinarrituta), eta, beraz, erakundeek kontuan hartu beharko lukete. Eta hala ez dela uste badute, ausartu daitezela horri buruzko herri-kontsulta bat deitzen.

Badakigu beti egongo dela esango duenik hemen armak fabrikatzen ez baditugu beste leku batzuetan egingo dituztela (herritar zibilen heriotzekin dirua irabazteko aukera galduko genukeela iradokiz, haiek baitira gatazka belikoen biktima nagusiak). Suposatzen dugu, gerra bat hasten denean eta herritarren artean kanoi-bazka bila hasten direnean, logika bera jarraituta esango duela bere seme-alabak joan daitezela. Edo orduan ez da baliozkoa izango armagintzarekin erabilitako argudio bera?: “Joan daitezela nire seme-alabak, bestela beste batzuei egokituko baitzaie joatea. Utz ditzagun, bada, hipokresiak.

Alternatiba gisa, antimilitarismoan, duela hamarkada askotatik hona, ekoizpen militarra onura sozialeko ekoizpen zibil bihurtzea proposatu dugu. Hala ere, azken urteotan, hausnarketa autokritiko baten ondoren, sakon birformulatu behar dela pentsatu dugu. Lehenik eta behin, erabat aldatu behar dugu enpresa horietan aritzen den langileriaren gainean dugun irudia, eta moldaketa prozesu horretan ematen genien paper nulua. 'Etsai' gisa ikusteari utzi behar diogu (halaxe egin dugu maiz azken hamarkadetako idazki eta mobilizazioetan), eta moldaketa-prozesu horretan protagonista eta partaide beharrezkotzat hartu behar ditugu. Elkarrekin lan egin nahi dugu prozesu horretan. Haiek dakite zer ezagutza eta trebetasun dituzten, zer makineria eta instalazio dituzten, produkzioa antolatzeko zer beste modu plantea litezkeen... eta, horrekin guztiarekin, zer produkzio alternatibo egin litekeen.

Langileak etsai gisa ikusteari utzi behar diogu, eta moldaketa prozesu horretan protagonista eta partaide beharrezkotzat hartu behar ditugu

Baina, gainera, aipatu autokritika-prozesuan, ohartu gara gure inguruko errealitatea ikuspegi estuarekin aztertu ohi dugula. Alde batetik, militarismoaren mila aurpegiak salatzean, ez ditugu kontuan hartu planetako beste leku batzuk suntsitzen dituzten kartelak, mafiak, paramilitarrak eta gobernuek bultzatzen dituzten beste militarismo mota batzuk. Bestetik, eta batez ere, ez dugu jakin kontuan hartzen munduan badaudela beste arazo oso larri batzuk, hurrengo belaunaldientzako etorkizun duina arriskuan jartzen dutenak: hor daude klima-aldaketaren ondorioak; energien eta lehengaien eskasia; hondamendi "naturalen" eta ingurumen-arazo larrien hazkundea; pandemiaren aukerak handitzea...

Arretaz aztertuz gero, kolapso-arrisku horiek guztiek amankomuneko elementu bat dute sorburu gisa: sistema produktibo bat, kapitalismoa, esplotazioan eta espoliazioan oinarritzeaz gain patriarkatuan sustengatzen dena, besteak beste, ugalketa-lanen balioa ukatzen duena, eta egungo gaitz okerrenetako baten kausa dena, feminizidioa hain zuzen.

Egungo egoera hori izanik, antimilitarismotik ezin dugu planteatu errealitate horiek kontuan hartzen ez dituen biderik edo alternatibarik. Gizarte-onurako ekoizpen zibilaren proposamenarekin jarraitzeak gure kontzientziak lasaitu eta gure agenda militanteak bete litzake, baina ez luke balioko gizateria gisa ditugun erronka kolektiboei aurre egiten saiatzeko.

Alternatiba ez da armamentua egiteari uztea mendiak haize-errotez betetzeko, kaleak auto elektrikoz, nekazal lurrak soja transgenikoz edo adimen artifizialeko zentro

Horregatik, mahi gainean jartzen dugun moldaketa proposamenean, ekoizpensistema zalantzan jartzea funtsezko zutabea izatera igaro behar da. Izan ere, benetako aldaketarako alternatiba ez da armamentua egiteari uztea mendiak haize-errotez betetzeko, kaleak auto elektrikoz, nekazal lurrak soja transgenikoz edo adimen artifizialeko zentroz... Ez dago moldaketa eraldatzailerik ere, baldin eta errentagarritasun ekonomikoari lehentasuna ematen dion ekoizpen sistema bat mantentzen bada giza osasunaren edo ingurumenaren gainetik; gutxi batzuen aberastasuna metatzea lehenesten duena gainerakoek bizitzea merezi duten bizitzei uko egitearen kontura; edo produkzio kostuak hobetzea herrialde pobretuak eta haien populazioak espoliatzearen eta ustiatzearen kontura.

Egungo ekoizpen sistema zalantzan jartze hori, oinarrizko gaietatik hasi beharko litzateke. Adibidez, langileek, beren gaitasun, ezagutza eta trebetasunetatik abiatuta, beren buruari galdetzea eta erabakitzea zer ekoitzi, nola ekoitzi eta zertarako ekoitzi. Prozesu horretan, funtsezkoa dirudi beren fabrikak kokatuta dauden tokietako herritarrekin harremanetan jartzea, eta ezagutzea zer behar erreal dituzten eta haietariko zeintzuk ez dituzten betetzen merkatuaren inposizioek. Ekoizpen horiek lanpostuak bermatuko dituzte, langileen lana duinduko dute eta egungo merkatuak ukatzen dituen gizarte premiei erantzungo diete.

Jakina, erronka handi horri guztiari ezin dio antimilitarismoak soilik heldu, are gutxiago osasun prekario samarra duela aintzat hartuta. Horregatik, ezin dugu eta ez dugu protagonizatu nahi. Edo zeregin kolektiboa da benetan, edo porrotera kondenatuta egongo da. Zorionez, beste pertsona, kolektibo edo mugimendu askok analisi horien zati handi bat partekatzen dute, eta, gure ustez, lan kolektibo bat egiten saiatzeko unea izan daiteke, daukagun amankomuneko arazoa -sistema produktibo kapitalista- zalantzan jartzeko benetako bideak irekiko dituena.

Antimilitaristek ezin dugu eta ez dugu borroka hau protagonizatu nahi. Edo zeregin kolektiboa da benetan, edo porrotera kondenatuta egongo da

Eztabaidaezina da lantegietan eztabaida horiek bultzatzeko bidea erakunde sindikalek izatea. Baina are garrantzitsuagoa da, aldi berean, herri eta gizarte mugimenduek arduratu behar dugula alternatibak lantzeaz, pedagogia eta ideien kontrastea egiteaz, ilusioak mugitzeaz, kontzientziak astintzeaz... Feminismotik sortu beharko dira zaintzak eta bizitza benetan erdigunean jartzea ahalbidetuko duen ekoizpen sistema berri bat diseinatzeko proposamenak, horretarako behar diren baldintzak argituz. Ekologismoak produktu eta ekoizpen sistema berriak proposatu ahal izango ditu, ingurumena espoliatu ordez lehengoratzen lagunduko dutenak. Gazteria eraldatzaileak izan beharko du prozesuaren protagonista, beren ideia eta ikuspuntuekin, beraiek baitira borroka honetan gehien jokatzen dutenak, eta mobilizazioetan, erresistentzietan eta desobedientzietan gorputza jarri beharko dutenak. Pentsiodunen mugimenduak lantegietan duten esperientzia eta ezagutza eskaini dezake. Oso tresna baliagarria izan daiteke langileriarekin harremanak sortzeko; gaur egun duen muskulu militante indartsua ahaztu gabe. Esan gabe doa internazionalismotik ekarpenak iritsi beharko liratekeela ekoizpen berriek eta haien merkataritza moduak beste herri batzuk esplotatu edo espoliatu ez ditzaten.

Zergatik hasi armagintzatik amankomunean daukagun arazoa, ekoizpen sistema kapitalista (eskandaluzko gauza hori, batzuek ongi deitzen dioten bezala) zalantzan jartzeko? Antimilitarismotik ez ditugu denak gure baratzean lan egitera eraman nahi, ez. Sektore honetatik hasteak bi abantaila garrantzitsu dituela uste dugu. Lehenik eta behin, ez da beharrezkoa herritarrei gehiegi azaltzea zergatik egiten den EHXGE moldatzearen alde. Errealitate horrek lotsatu egiten gaitu gehienok. Bigarrenik, sektore honen ezaugarri nagusietako bat funts publikoez (gure diruaz) soilik hornitzea bada, naturalena izango litzateke guk erabakitzea zer ekoitzi, nola ekoitzi eta zertarako ekoitzi (tokiko langileak eta biztanleria, batez ere). Planteamendu horrek Zedarriak eta Pradalesen gobernua bihotzekoaren atarian jartzen ditu agian, baina, ziurrenik, itxaropena eta ilusioa sortuko du belaunaldi gazte askorengan, eredu sozial eta ekonomiko desberdin baterantz igarotzeko bidea ikus dezaketelako, etorkizuna ahalbidetzeko eta ez mehatxatzeko baliagarria izan litekeena.

Horrelako erronka kolektibo handietarako, indibidualki edo partzialki aurre egin ezin zaienak, Euskal Herrian erreminta herritar zoragarri bat izan dugu historikoki: auzolana. Baina ez da antimilitarismoa auzolan horretara deitu behar duena. Dei kolektiboa eta plurala izan behar du, hori da helburua posible egingo duen legitimitate herrikoiaz hornitzeko modu bakarra. Eta ildo horretan ari gara lanean. Beraz, Zedarriak, Eusko Jaurlaritzak edo beste armamentista batzuek galdetzen dutenean zein den gure alternatiba industria militarraren aurrean, argi utzi ahal izango diegu entzun ere egin nahi ez duten aukera bat: EXHGE deuseztatzea, Euskal Herrian gerra gehiago fabrikatu ez daitezen.