argia.eus
INPRIMATU
Molac legeari buruzko jardunaldiak egingo dituzte Baionan
  • Molac legeak ekarri dituen ondorioak aztertuko dituzte urriaren 22an Baionan egingo dituzten jardunaldietan. Euskal Konfederazioak eta Euskaltzaindiak antolatu dute egun osoko mintegia. Paul Molac Bretainiako diputatu eta legearen bultzatzailea eta Okzitaniako eta Kataluniako adituak ere izango dira bertan.

ARGIA @argia 2021eko urriaren 06a
Argazkia: Euskaltzaindia

Apirilaren 8an onartu zuen Frantziako Asanblea Nazionalak Eskualdeko Hizkuntzen Ondarea Babesteari eta Sustatzeari buruzko Legea, "Molac legea" gisa ere ezagutzen dena. Frantziako Estatuaren hizkuntz politiken norabidean aldaketa zekarren lege horrek, baina hainbat diputatuk legeari aurkeztutako helegitearen ostean Frantziako Legebiltzarrak 4. eta 9. artikuluak Konstituzioaren aurkakotzat jo eta atzera bota zituen: hezkuntzako murgiltze ereduei buruzkoa da 4. artikulua eta 9.ak estatu zibileko dokumentuetan zeinu diakronikoen erabilera arautzen du (esate baterako "ñ" hizkia).

Erabaki horren ondorioak aztertu eta etorkizunera begira jartzeko jardunaldiak antolatu dituzte Euskal Konfederazioak eta Euskaltzaindiak. Urriaren 22an izango da, Baionako Herriko Etxean. Paul Molac Bretainiako diputatu eta legearen bultzatzailea izango da parte hartzaileetako bat. Aditu eta aritu hauek ere izango dira bertan: Eneritz Zabaleta Zuzenbidean doktorea; Peio Jorajuria Seaskako lehendakaria; AnaMari Irungaray Euskal Haziak-eko kidea; Marie-Andrée Ouret Biga Bai elkarteko kidea; Maddi Bordagarai Uda Leku elkartearen koordinatzailea; Max Brisson senataria; Mathieu Bergé eskualdeko kontseilaria; Antton Kurutxarri Euskararen Erakunde Publikoko lehendakaria; Sèrgi Javaloyès Congrès Permanent de la lenga occitana-ko Administrazio Kontseiluko kidea; Visant Roue Ofis Publik Ar Brezhoneg-eko ikerketa eta garapen zuzendaria; Joan Peytaví Deixona Perpinàko Unibertsitateko irakaslea eta Institut d’Estudis Catalans-eko kidea eta Jakes Sarraillet euskaltzain urgazlea.

Urriaren 20ra arte eman ahal izango da izena, +33 (0)5 59 25 64 26 telefonoan eta info@euskaltzaindia.eus helbidera idatzita. Streaming bidez ere jarraitu ahal izango dira jardunaldiak, Euskaltzaindiaren YouTube kanalean eta Kanalduden.