Manifestazioa egingo dute Urruñan, eta elkarretaratzeak Hego Euskal Herriko hiriburuetan hilketa salatzeko. Herrietan ere ari dira deialdiak zabaltzen.
Mayie Nervi eta honen senarra hilda aurkitu zituen horien alabak astelehenean, Urruñako (Lapurdi) etxebizitza batean. Gertakariaren gaineko ikerketa martxan jarri zenetik gailendu zen hipotesi bat: indarkeria matxista kasu bat izan zitekeela. Hala dela ziurtatu da: gizonak emakumea hil eta bere buruaz beste egin zuen ostean. Nervi da indarkeria matxistak 2019an Euskal Herrian hildako lehen emakumea.
Hilketa matxisten kontrako protokoloa aktibatu du Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak, eta mobilizatzera deitu du ekainaren 21ean. Urruñan manifestazioa egingo dute, 18:30ean abiatuko da Herriko Etxearen paretik. Hiriburuetan elkarretaratzeak deitu dituzte: Bilbon 19:30ean egingo da Arriagan, Iruñean 20:00ean Udaletxe plazan, Donostian 18:30ean Bulebarrean eta Gasteizen 19:00etan Korreos plazan. Zenbait herritan ere ari dira mobilizazioak antolatzen.