argia.eus
INPRIMATU
Mobilizazioak Mozal Legea indarrean sartu aurreko egunetan
  • Uztailaren 1ean sartuko dira indarrean Espainiako Estatuan Herritarren Segurtasun Lege berria eta Kode Penalaren erreforma.

Garazi Zabaleta 2015eko ekainaren 30
Euskal Herrian ekimen eta mobilizazio ugari deitu dituzte azken egunetan Mozal Legearen aurka (irudia: mugitu! mugimendua)

Populazioaren %80ren aurkakotasunarekin –Metroscopiaren arabera–, oposizioko alderdi guztien eta nazioarteko nahiz estatuko erakundeen ezadostasunarekin, baina uztailetik aurrera martxan izanen da Mozal Legea izenez ezaguna den erreforma penala.

Biziarteko kartzela-zigorra ahalbidetuko du lege berriak –presoaldi iraunkor berraztergarri izena erabiltzen badu ere–, eta mobilizazio sozialen aurrean neurriak nabarmenki gogortuko ditu.

Hala nola, baimenik gabe polizien irudiak erabiltzea 601 eta 30.000 euro bitarteko isunarekin zigortuko da. Zigor berdina jasoko dute etxe kaleratzeak galarazten dituzten pertsonek. Komunikatu gabeko manifestazioak egitea, berriz, 600.000 euroko isunarekin zigortuko dute.

Euskal Herrian ekimen eta mobilizazio ugari deitu dituzte azken egunetan Mozal Legearen aurka azaltzeko. Iruñean (Merindades) eta Bilbon (Plaza Biribila), asteartean izanen dira elkarretaratzeak, 19:00etan. Donostian, asteazkenean izanen da deialdia, 19:00etan Bulebarrean. Lizarran, berriz, egun osoko egitaraua antolatu dute larunbaterako.

Bestalde, astearte goizean, legea indarrean sartu bezperan, Greenpeace taldeak Madrilgo Diputatuen Kongresuan ekintza egin du lege berriaren aurka. Kongresu ondoko garabi batera igo eta Protesta eskubidea da lemadun pankarta zabaldu dute bertan.