argia.eus
INPRIMATU
Mobilizazioak eta lau greba egun Gasteizko Michelinen
  • ELA, LAB, CGT eta ESK sindikatuek deitu dituzte greba egunak, gutxiengoan egonda. Erosteko ahalmena eta KPIa berreskuratzea eskatzen dute hitzarmen berrirako, besteak beste.

Hala Bedi @halabedi 2023ko maiatzaren 30a

Maiatzaren 31tik aurrera lau greba egun deitu dituzte Gasteizko Michelin lantegian ELA, LAB, CGT eta ESK sindikatuek. Gutxiengoa dira langileen ordezkaritzan, 27 ordezkaritik 12 dituzte lau sindikatu hauen artean. Gainerako sindikatuek, CCOO, UGT eta CSIF-ek, ez dute greba deialdia babestu, enpresako zuzendaritzak egindako azken proposamena ontzat hartu dutelako, dirudienez.

Enpresa batzordeko ordezkaritzaren % 45a daukate greba deitu duten lau sindikatuek, eta “merezi dugun hitzarmenaren alde” egingo dituzte lanuzteak. Erosteko ahalmena eta KPIa berreskuratzea da sindikatuen aldarrikapen nagusia, eta baita lanaldiak murriztea, lanaldi gehigarriak kentzea, behin-behinekotasuna murriztea eta osasuna eta bizi kalitatea hobetzeko neurriak ere, besteak beste. Lau urtean soldatak % 27 igotzea eskatzen zuten sindikatuek, baina enpresaren zuzendaritzak % 12ko igoera besterik ez zuen eskaini.

Maiatzaren 18an mobilizazio jendetsua egin zuten Michelingo langileek enpresaren sarreran. Horren ondoren, astearte honetan, maiatzaren 30ean, mobilizazio ezberdinak egingo dituzte. Elkarretaratzera deitu dute fabrika sarreran eguerdiko 13:00etatik 14:30etara, eta ondoren manifestazioa egingo dute 18:30etan Bilbo plazatik abiatuta. Asteazkenean hasiko dira greba egunak, maiatzaren 31n, ekainaren 2an, 3an eta 5ean egingo dituzte lau greba egun.