Arratsaldean herri guztietako udaletxeen aurrean mobilizatzera deitu dute, eta Hego Euskal Herriko hiriburuetan manifestazioak egingo dituzte. EHUn ere antolatu dituzte mobilizazioak.
Global Summud Flotilla ekimenaren Euskal Herriko ordezkaritzak hainbat mobilizazio antolatu ditu, aldarrikatzeko "flotilla askatzea", Israelekin harremanak haustea eta estatu sionistari armen enbargoa ezartzea.
Ostegun goizean EHUn egingo dituzte mobilizazioak: Gasteizen, 12:30ean eta 18:00etan Letren fakultatearen aurrean; Donostian 11:00etan Carlos Santamarian; Leioan 10:30ean Mikel Laboan. Hego Euskal Herriko hiriburuei dagokienez, manifestazioak 19:00etan izango dira: Gasteizen, Bilbo plazatik hasita; Bilbon, Eusko Jaurlaritzatik; Donostian, Boulevardetik; eta Iruñean, Merindadesetik. Bilbon 13:00etan giza katea ere egingo dute, Gobernu Zibilean.
Gernika Palestina ekimenak bat egin du flotillako deialdiekin eta Palestinarekin Elkartasunak ere bai, eta ordu berean Euskal Herriko udaletxe guztien parean biltzeko deia gehitu du. Urruñan 18:00etan herriko etxearen aurrean biltzera deitu dute. Azkenik, ostegun honetarako ikasle-greba deitua zuen Ikasle Abertzaleak-ek, eta hainbat deialdi daude goizerako.