argia.eus
INPRIMATU
Mobilizazio sindikalak Nafarroako hezkuntzan, Lan Eskaintza Publikoarengatik protestatzeko
  • 12:00etan elkarretaratzea eginen dute LAB, STEE-EILAS eta ELAk Nafarroako Jauregiaren paretan. Asteartean eta asteazkenean ere ordu horretan bilduko dira leku berean.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2016ko otsailaren 08a

"LEP Iruzurrari ez, aldaketari bai" lema eramanen dute elkarretaratzeek. LAB, STEE-EILAS eta ELAk dute gehiengo sindikala hezkuntzan eta Nafarroako Gobernuak aurkeztu duen Lan Eskaintza Publikoaren nondik norakoekin ez datoz bat. Elkarretaratzeak eginen dituzte protesta modura. Nafarroako Jauregian bilduko dira 12:00etan astelehenean, asteartean eta asteazkenean. Mobilizatzeko deia egin dute sindikatu horiek.

Mahai gainean zeuden aukeren artean "okerrena" hartu du Nafarroako Gobernuak, ELAk salatu duenez: "euskarazko plazak murriztea eta diskriminazio linguistikoa bermatzea [zerrenda bikoitza]".

Espainiak jarritako helegitearen aurrean, exekutiboak Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako plazak gutxitu ditu, "pertsonal behar handiena dutenak badira ere". ELAk kritikatu duenez, Espainiako helegiteak derrigortu egiten du Nafarroako Gobernua 100 lanpostu kentzera, baina ez du zehazten zein hizkuntzetan izan behar duten.

Horregatik, "derrigorrezkoak baino 20 plaza gehiago" kendu ditu exekutiboak, sindikatuaren irudiko, "gainera, denak euskarazkoak". "Hemen ez da irizpide teknikorik egon, baizik eta politikoak: erregimena sostengatu zuten alderdi eta sindikatuak dira erabakia ospatzen ari direnak".

"Tamalgarria" da LEP

Gogor hitz egin du LABek ere. "Tamalgarria" izan da Lan Eskaintza Publikoaren kudeaketa, dioenez, eta "gehiegi" luzatu da. Era berean, "arduragabetzat" jo du Gobernuaren ekina, eta, bide horretatik, Ahal Duguk eta Ezkerrak hartutako jarrerak paratu ditu ezbaian: "Penagarria izan da, klientelismo lotsagarrian erorita".

"Napartheidak aurrera jarraitzen du". Aho bizarrik gabe esan du LABek. Zerrenda bakarra ez egotearen karietara egin du hausnarra. "Hezkuntza Sailak UPNren lekukoa hartu du, euskaldunen hizkuntza eskubideak urratuz".

Behin behinekoa bada

"Zirriborro bat" da gobernuak aurkeztutakoa, Steilasen ustez, eta horregatik, "irekia" dela adierazi du. Gaur bilduko dira gobernuarekin, eta argi utzi dute: negoziazioa egon ezean, kalera aterako dira sindikatuak.

[Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra]