Urriaren 8an hasiko da Iruñeko ustezko bost arrantzale bizardunen aurkako epaiketa. Iazko txupinazioan Iruñeko Udaletxeko plazan aldez alde ikurrina erraldoi bat zabaltzeaz akusatuta daude. Epaiketa salatu eta elkartasuna adierazteko, aldarrikapenez betetako jaia antolatu dute urriaren 4rako, Ikurrina eta bizardunak nonahi lelopean.
Iruñea Askatasunez kolektiboak deituta, udaletxe aurreko plaza bi orduz okupatuko dute epaiketa aurreko asteburuan. 12:00etan hasita, musika, parodia, dantza eta bertsolariak izango dira, besteak beste.
Josu Gracia, Iker Garzia, Natxo Barriuso, Iñigo Ramaio eta Mikel Bladi epaituko ditu Iruñeko 2. Instrukzio Auzitegiak. Ikurrina jartzean hogei minutu atzeratu zen txupinazoa eta epailearen arabera, plazan zeudenak "arrisku larrian" jarri zituen horrek.
Epaiketa "Nafarroako herriaren alde lan egiten dutenen aurkako beste eraso bat" dela salatu dute prentsaurrekoan bildutakoek. UPNk modu bazertzailean eta herritarrei bizkarra emanda lan egiten duela salatu du Josu Gracia akusatuetako batek Ahotsa.infon. Udalari zuzendu zaio esanez, "bestelako sentimenduak dituzten herritar asko” aintzat izan behar lituzkeela.
Bestetik, aldaketa sozialerako baldintzak badaudela gehitu du Graciak, Nafarroako gizartea “oxigenatu” eta herritar guztien ideiak modu berean errespetatuak izatea bermatzeko. “Ez daitezen egon lehen eta hirugarren mailako herritarrak, orain artean bezala”, zehaztu du.
Iruñea Askatasunez kolektiboak egindako agerraldian izan dira Leitza, Oteitza, Atarrabia, Etxauri eta Etxarri Aranatzeko zenbait udal-ordezkari, baita Bildu Iruñeko kideak ere.
Prentsaurrekoaren bideoa (Ahotsa.info)