argia.eus
INPRIMATU
Mobilizazio bateratua antolatu dute Arabako hainbat sektorek
  • Enplegu “duinaren” alde manifestatzera deitu dute SOS Ostalaritza ekimenak, Pentsionistak Araba elkarteak, kirol jardueretako langileek, hainbat enpresa batzordek eta Gazte Prekarietate Sareak. "Borroka eta aldarrikapena batera ibiliz hazten eta indartzen dira", adierazi dute.

ARGIA @argia 2021eko urtarrilaren 25a
Argazkia: @LABGasteiz

Iragan ostiralean iragarri zuten mobilizazioa aipatu eragileetako ordezkariek, Gasteizko Los Ángeles elizan. Eliza horretan egin dituzte Aernnovako langileek harremanak herrialdeko eragile sozial, politiko eta sindikalekin, enpresak 80 langile kaleratze duen planaren aurkako protesten barnean, hain zuzen ere, eta bertan jaio da ekimena.

COVID-19aren agerpenaz geroztik herritar eta jendarteko sektore ugari mobilizatu direla gogoratu dute manifestazioaren deitzaileek, “kaleratzeak, aldi baterako enplegu erregulazioak, eskubideen murrizketa, zainketen merkantilizazioa, itxiera behartuak, zerbitzu publikoen murrizketak, kontrataziorik eza eta abar salatzeko”. Elkartasuna eta kaltetuenekiko babesa handia izan da haien iritziz, eta azaldu dute horrek “erakutsi” diela krisi egoerak “norbanakoaren edo sektore jakin baten arazoa izatetik urrun” jendarte osoari eragiten diola: “Langabeziak eta egungo enplegu prekarioak gazteei, emakumeei, pertsona arrazializatuei eta lan egiteko adinean daudenei eragiten dielako, baina etorkizuneko pentsioei ere”.

Manifestazio “bateratua, globala eta plurala”

“Edozein arrazoirengatik enplegu duinarekin konprometitutako egoera bizi duten enpresa eta sektore guztien manifestazio bateratua, globala eta plurala”, izatea nahi dute urtarrilaren 30ekoa. Manifestazioaren deitzaileak Aernnova, SDA, Laminaciones Arregui eta Alestiseko enpresa batzordeak, Pentsionistak Araba, kirol jardueretako langileak, SOS Ostalaritza eta Gazte Prekarietate sarea ziren deitzaileak, baina iragarri zuten sektore eta sektore gehiagori luzatuko dietela bat egiteko gonbita.

Manifestazioa Gasteizko Bilbo plazatik abiatuko da larunbatean arratsaldeko 17:00etan, “Arba enpleguaren defentsan. Defendatu dezagun enplegu duina” lelopean.