Frantziako Hezkuntza Ministerioak oraindik ez dio Seaskari argitu hurrengo urtean zenbat ikasgela eta irakasle izango dituen. Hori dela eta Baionako kaleak betetzera deitu dituzte guraso eta euskaltzaleak. Igandean, Herri Urratsera milaka lagun hurbildu dira beste urte batez, eta festaren hasiera ekitaldian egin dute mobilizazioaren iragarpena.
Herri Urratseko hasiera ekitaldian jaurti dute ohartarazpena Seaskako arduradunek, igande honetan: baliabideak eta errespetua eskatzen dituzte. 2022tik berritu gabe daukate Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) bidez Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin sinaturiko hitzarmena, eta maiatzean gauden arren, oraindik ez dakite hurrengo ikasturtean baliabide nahikorik izango ote duten, aurrekontua izoztuta baidaukate aspaldian.
Besteak beste, Seaskako ikastolek behar berezietarako ikasleentzako baliabide eskasak dituztela salatu dute, eta irakasle kopuruari dagokionez ere urtetik urtera "kezka" emendatzen ari da. Seaskako zuzendaritzako kide Erik Etxartek eta EEPko Maider Behoteguyk frantziar agintariei eskatu diete hitz onak eta "ele ederrak" alde batera utzi eta urratsak emateko.
Bere eskakizunak aintzat hartu daitezen eta "danbor hotsak" entzunarazteko, bi asteburu barru, hilaren 23an, Baionako karrikak betetzeko deia luzatu die guraso eta euskaltzaleei Seaskak.
Milaka euskaltzale Senperen
Eta badakite herritarrek deiari erantzungo dietela, igande honetan Senperen erantzun duten gisan. Beste urte batez milaka lagun elkartu dira aintziraren bueltan antolatutako Herri Urrats jaialdian, ikuskizunez, musikaz eta giro onaz gozatzeko.
Antolatzaileek esker oneko hitzak izan dituzte guztientzat: "Zuei esker egin dugu, eta hurrengo edizioetan ere zuei esker egingo dugu". Hala ere, eguraldi iragarpena tarteko, antolatzaileek amaieran azaldu dute "nahi baino euskaltzale gutxiago" hurbildu dela aurten Senperera, "hori nabaritu dugu". Ondorioz, sostengua eman eta ekarpen ekonomikoa egin nahi duen ororentzako bideak zabaldu dituzte bere webgunean.