MNLA tuaregak ez du desarmatzeko asmorik, Afrika Mendebaldeko estatuek eskatutakoaren aurka

  • Armak entregatzeari uko egin dio Azawaden Askatasunaren aldeko Mugimendu Nazionalak (MNLA sigla frantsesetan) joan den asteazkeneanargitaratutako oharrean. Afrika Mendebaldeko estatuek (CEDEAO siglapean hauek) eskaera hori egin zioten Malin elkarrizketa politikoak abiatzeko baldintza gisa. Tuaregek uste dute armak entregatzen badituzte, Maliko armadak herritarren aurkako erasoaldiak abiatuko dituela errebantxa gisa.


2013ko martxoaren 11n - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
MNLAko kideak Azawadeko bandera erakusten.

“MNLAk uko egiten dio desarmeari negoziazio prozesu batean parte hartzeko aurrekari gisa, eta konbentzituta gaude gure indarrak direla Azawadeko herritarrak babesten dituztenak”, adierazi du Bilal Ag Acherif MNLAko idazkari orokorrak komunikatuan.

Harridura ere erakutsi dute CEDEAOk egindako eskaeraren aurrean. Elkarte honek gatazkan posizio neutrala hartzea espero zutela adierazi dute, baina halako eskaerak eginda, Bamakoko Gobernuaren aldean kokatzen dela interpretatu dute tuaregek. Maliko armadak kontrolpean dituen eremuetan egindako “sarraskien” aurrean ezer esaten ez dutela ere kritikatu dute. ”Normala al da nazioartearen babesa duen Armada batek krimenak egitea herritar babesgabeengan beren azalaren koloreagatik edo beren jatorri komunitarioagatik?”, galdetzen dute.

Tuaregak ez dira fio Maliko armadarekin eta galdetzen dute ea zein den arrazoi nagusia MNLA desarma dadin elkarrizketak hasi aurretik.

Amaitzeko, NBEri eskaera egin diote lurraldean bakea berrezartzen laguntzeko, eta bi baldintza jarri ditu bakerako: Batetik, Azawadeko herritarren aurkako giza eskubideen bortxaketak geratzea (masakreak, bortxaketa sexualak edo lapurretak, beren komunikatuan aipatzen dituzte); eta bestetik, Azawadeko segurtasuna eta egonkortasuna ziurtatzea MNLA eta erakunde malitarren arteko gatazka era adostuan konpondu arte.

2012ko apirilaren 6an MNLAk Azawaden independentzia aldarrikatu zuen, Maliko iparraldean. Tuaregez osatutako taldeak urtarrilean hasitako askapen altxamendua amaitutzat jo zuen aldarrikapen horrekin. Nazioarteak baina, ez du onartu.

Tuaregak dira nagusi Maliko iparraldeko Azawad lurraldean, baina horrez gain, tuaregak ondorengo herrialdeetan ere bizi dira: Algerian, Libian, Nigerren, Burkina Fason, eta esan bezala, Malin.

Tuaregen altxamenduak historia hurbilean:

Azken gertakarion analisia egiteaz gain, Tuaregek azken mendean egindako altxamenduen errepaso bat egin dute Inekaren webgune kanariarrean. Hemen laburtuta:

1916-1917: Kaocengo altxamendua. Frantziako gobernu kolonialaren aurka altxa ziren tuaregak eta Niger-eko Agadez hiria kontrolatzera iritsi ziren.

1961-1964: Malik Frantziatik independentzia lortu eta lau urtera, gobernu berritik kanpo geratu ziren tuaregak. Beren lurralde historikoari eragiten zioten legeak aplikatzen hasi zen Mali, eta hauen idazketatik kanpo utzi zituztenez, armak hartu eta independentziaren aldeko kanpaina abiatu zuten. Maliko armadak gogor erantzun zuen eta herritar askok herrialdea utzi behar izan zuten.

1990-1996: 80ko hamarkadako gosetearen eta Maliren errepresio gogorraren ondorioz, Tuaregak berriz independentziaren alde altxa ziren.

2007-2009: Altxamendua Mali eta Nigerren, bi estatuokin aurretik adostutako prozesua ez zutelako bete. Hitzartu zutenez, tuaregak bi herrialdeotako bizitza zibil eta militarrean integratu behar zituzten.

Azkenik, 2012an matxinada berria abiatu zuten, baina oraingo honetan gaia konplexuagoa da, herrialdean talde islamikoen presentzia zabalagoa baita, eta beraz, indar ezberdinak ari dira lurraldea kontrolatzeko borrokan.

Informazio gehiago:

Azawadi buruz Argian argitaratu den guztia argia.eus/azawad kanalean.

Artikulu hau Lander Arbelaitzen Taupadak blogetik ekarria da. Bertan estaturik gabeko nazioei buruzko artikulu gehiago topatuko dituzu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Azawad
Malik eta tuaregek presoak trukatu dituzte bake elkarrizketen aurretik

Maliko gobernuak eta Azawadeko tuaregek presoak trukatu dituzte bake elkarrizketen bezperan, borondate oneko keinu gisa.


Maliko Gobernuak guda deklaratu die berriz ere errebelde tuaregei, Frantziaren laguntzarekin

Gutxienez zortzi hildako izan dira Maliko armada eta gehienbat tuaregek osatzen duten MNLAren arteko borroketan, Kidal izeneko herrian (ikusi mapan non dagoen). Maliko Lehen Ministroak Azawadera egindako bisita batek lehertu du aurretik ere bero zegoen gatazka. Iturri... [+]


2013-04-10 | Martin Vicioso
Frantziako armada Malitik ateratzen hasi da

Frantziako Gobernua Malin destinatutako soldaduak etxeratzen hasi da. François Hollande presidenteak esandakoa bete du, tropak apirilean herrialdea uzten hasiko zirela adierazi baitzuen. Ehun batek jada utzi du Mali, eta uztaila bitartean besteak etxeratuko dira. Hala... [+]


2013-02-21 | Jon Torner Zabala
Malin eta Azawaden okerrena etortzeko dago

Azawad hartzea parterik errazena zen. Orain, Maliko estatuak, gerrillarien erasoei, ‘Tuaregen arazoari’ eta zatitutako gobernua izateak sortzen dituen eragozpenei egin beharko die aurre, Imad Mesdoua analista politikoak The Guardian-en idatzi duen moduan.


Eguneraketa berriak daude