Demokrazia Berria (ND) alderdiak botoen %40 lortu ditu, emaitzen %90 kontatuta. Ezkerreko Syriza alderdia 20 puntu beherago geratu da. NDk ez duenez eserlekuen gehiengoa lortu, baliteke Mitsotakisek beste hauteskunde batzuetara deitzea.
Maiatzaren 21ean egin diren Greziako Parlamentuko hauteskundeek %60ko parte hartzea izan dute, eta irabazle argia izan da egungo lehen ministro Kyriakos Mitsotakis-en Demokrazia Berria (ND) alderdi eskuindarra. Botoen %90 baino gehiago kontatuta, NDk eskuratu ditu %40,8, eta Mitsotakisen nagusitasuna berretsi dute boto emaileek. Bigarren indarra oso urrun geratu zaio, azken urteetan Grezian egon den alderik handienarekin; Alexis Tsipras-en Syriza ezkertiarrak botoen %20 lortu ditu.
Dena dela, NDk ez du eskuratu parlamentuko gehiengo absoluturik, eta ezingo du bakarrik gobernatu. Mitsotakisek jada iragarri du koaliziorik gabe gobernatu nahi dutela, eta beraz, baliteke bigarren hauteskunde batzuetara deitzea, “beste indar batzuen mende ez egoteko” Mitsotakisen gobernua. Greziako hedabideen esanetan, ekainaren amaieran edo uztailaren hasieran izango litzateke balizko bigarren buelta. Syrizaren gobernuak 2018an legea aldatu zuenetik, legebiltzarrean gehiengoa izateko botoen %45ko langara iritsi behar da, alegia, 300 eserlekuetatik 151 lortu, eta ND 145 diputaturekin geratu da. Syrizak 71 diputatu lortu ditu.
2019ko azken hauteskundeetatik bi indarren tartea nabarmen handitu da: Mitsotakisek botoen %38 jaso zuen eta Tsiprasek %31. NDko buruak adierazi du “harro eta hunkituta” jaso dituela emaitzak: “Jendeak gobernu indartsu bat nahi du, lau urtetako agintaldian lortu dezakeena berreskuratzea Europatik banatu gaituen galdutako eremua”, azpimarratu du hauteskundeen ostean. Bestalde, Tsiprasek, espero ez zituzten emaitza eskasak ikusita, jakinarazi du alderdiaren baitan aldaketak egingo dituztela: “Emaitza zeharo negatiboa da Syrizarentzat”. Inkestek ere ezkerrarentzako boto gehiago aurreikusten zituzten.
Hirugarren geratu da Pasok-Kinal aliantza ezkertiarra (41 diputatu, botoen %11,5), eta jarraian KKE Greziako Alderdi Komunista (26 diputatu, botoen %7,1), eta eskuin muturraren alderdia (16 diputatu, botoen %4,5). Eserlekuak izateko botoen %3ren muga igaro behar denez, diputaturik gabe geratu da, besteak beste, MeRa25 (%2,5) ezkertiarra, Yanis Varufakis Finantza ministro ohiaren alderdia. Bestalde, ez da ezkerreko alderdiak batutako gobernurik egongo, besteak beste, KKEk azaldu duelako ez duela inola ere Tsiprasekin hitzarmenik egingo.