argia.eus
INPRIMATU
Mirentxin gidarien kolektiboak presoak bisitatzeko bidaiak egiteari utzi dio, beharrik ez dagoelako jadanik
  • Mirentxin boluntarioen taldeak azaldu duenez Etxerat elkarteak adierazi die jadanik ez dela euren laguntzarik behar euskal presoei bisitak egiteko bidaietarako, preso gehienak gertuagoko kartzeletara hurbildu dituztelako. 1999an sortu zen kolektiboa eta urtero 700 gidari baino gehiago aritu dira boluntario lanetan senide eta lagunak kartzeletako bisitetara eramaten.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2022ko urtarrilaren 11

"Bukatzeko jaio zen Mirentxin, eta, zorionez, bukatu da". Hala adierazi dio Berria egunkariari Iñaut Zabala Mirentxinen Hernaniko koordinatzaileak. Kolektiboak amaitu du bidea, Etxerat euskal preso eta iheslari politikoen senideen elkarteak adierazi baitie jadanik ez dutela euren laguntzarik behar; behin urruntze politika aldatuta preso gehienak gertuagoko kartzeletan daude eta senideak euren kabuz moldatzen dira jadanik.

Mirentxin 1990eko hamarkadan sortu zen, senarra Algecirasen preso zuen Mirentxin Aurrekoetxea Mungiako senidearen omenez, astero-astero egiten baitzion bisita, eta hari laguntzeko antolatu ziren. Geroztik, urtero 700 boluntariotik gora aritu da gidari moduan lanean kolektiboan. Haien furgonetek –bederatzi furgoneta izatera iritsi dira– urtero 100.000 kilometro baino gehiago egin dituzte bidaia horietan eta "oso gutxitan egin dugu kale".

Sarritan asteburu osoa irauten zuten bidaia luzeak egin dituzte urte guztiotan, eta zerbitzua, ez da soilik garraioarena izan, senideen harremanetarako ere bai, elkarrekin bidaiatuz: "Mirentxinekin bidaiatzea terapia ere bada; denok gaude egoera berean eta gaitzari aurre egiten laguntzen du", azaldu zion Izaskun Usandizaga senideak ARGIAri haiekin duela urte batzuk egindako bidaia-kronikan.

2021eko maiatzean egin zuten azken bidaia: "Algecirasera, oker ez banago, eta harrez geroztik hau bukatu da", azaldu dio Donostiako arduradun Karlos Abadek Berria-ri. Asteburu honetan Sarek deituriko mobilizazioetan ere eman dute jarduera horren amaieraren berri eta haien lana eskertu dute. Jarduera amaitu badute ere, ez dituzte furgoneta guztiak kendu eta talde batzuk antolatuta dituzte, "badaezpada". Haien beharrik ez izateko esperantzaz, hala ere.