Hemen ez du balio “izan zirelako gara” gisako esaera eginak. Hemen aurrekoek egindakoa bazter utzi behar da, lehendik datorren haria eten, beste bat non edo nondik sortzen asmatu, eta egin. Arte garaikidea da.
Zurekin hitz egin nuen egunean, albistea egunkarian: Baionako Bonnat museoa hiru urtez itxiko da. Aste batzuk lehenago, Txillida Leku zarratu zuten. Geroago, San Telmo berria inauguratu zuten. Guggenheim beti hor da. Artium bezala. Altzutzako Jorge Oteiza bezala… Arte Eder museoak… Zer da museo zarata hau?
Museo zarataz ari zara, eta egia da azken bi hamarkadetan arte garaikideko museoena fenomeno zaratatsua bihurtu dela. Dena dela, fenomeno globala izan da hori, nahiz eta hemen, Guggenheim museoa berton ireki zelako, oihartzun handiagoa eta zentzu bereziagoa izan. Fenomeno globala, diot, munduko leku guztietan kultur politika berbera egin delako, hau da, arte garaikideko zentro eta museoak modu ia obsesiboan ireki dira. Orain daukagunaz, zer esan? Bada, erein genuela, eta orain uzta biltzen ari garela... Ekonomi krisiak agerian utzi ditu kultur politiken apustu horien kontraesanak. Hazkundean oinarritutako ekonomi ereduaren krisia dugu oraingoa, eta arte sistema ere horren parte da. Joan den hamabost urte honetan kultur ekipamenduak hainbat ugaritu dira, desorekak sortu dituzte, eta naturala da kultur sistema desorekatu horri ere krisia etortzea, ekonomiaren beste esparru guztiei gertatzen zaien bezala. Eta murrizketak ekonomian, eta murrizketak artean, kultur ekipamendu eta museoetan. Baina diozun “museo zarata” horren erroak sakonagoak dira eta lehendik datoz. Orain dela lau hamarkadatik hona daukagun kontsumo gizarte kapitalista, kapitalismo aurreratua edo Ford osteko gizartearen ikurra identifikatzen jardun zuen Fredric Jameson teorilariak eta, berak, “kultur eztanda” izena eman zion gizarte honi. Dakigunez, gizarte eredu horri justifikazio ideologikoa emango dion mugimendu filosofikoa postmodernitatea da. Eta mugimendu honen ezaugarri nagusia zentzu historikoaren galera izango da.
Arte garaikideaz ari, museoak eta beste… Arte garaikidearen museo guztiak zaku berean sartzekoak dira?
Galdera hori erantzuteko lehenago arte garaikidearen museo bat zer den argitu beharko dugu. Horrelako museo bat artelanen bitartez orainaren, iraganaren eta etorkizunaren irakurketa historikoa egiten duen instituzioa da. Eta irakurketa historikoa baldin bada, derrigorrez kritikoa izan behar du. Zerk ematen dio kritikotasuna arte garaikidearen museo bati? Alde batetik argi dago bildutako artelanek sortzen duten irakurketa direla kritikotasun horren erantzule. Baina ez eurak bakarrik, izan ere, nahitaez kritikoak dira arte politikoz beteta dauden museoak? Ez derrigorrez. Museoak ez dira edukiontzi hutsak, kritikotasuna erakutsi behar dute, ez bakarrik edukietan –bildutako artelanetan, alegia–, egiteko moduetan ere bai, dela kanpokoari begira, dela barrukoari begira… Museoak kritikoa izan behar duela esaten ari naiz, are gehiago zentzu historikoaren galeraz hitz egiten den momentu honetan. Dena den, museoa ez da arte munduan dagoen arte instituzio bakarra.
Zer esan nahi duzu?
Unibertsitatetik hasi eta galerietaraino, produkzio kate horretan elementu eta instituzio asko daude: artista izan nahi duen haren formaziotik hasi eta artelan bilduma egiten duen haren etxean eseki arte, bide handia dago. Arteleku izan zen adibide. Imanol Murua diputatu zen garaian sortu zen, 1986an. Muruak Nestor Basterretxearen aholkuari jarraituz sortu zuen Arteleku. Nik esango nuke garai hartan ere bazutela arteak duen balio sinbolikoaren kontzientzia, baina ez hainbeste balio sinboliko hori ekonomikoki edo politikoki kapitalizatzeko dauden moduen kontzientziarik. “Itxi horrek artistak euron kontura!”, izan zen kontsigna, eta hogei urtean nolabaiteko askatasuna izan zuen Artelekuk, artea egiteko, eta artea egiteko erak aztertzeko.
Zer dute ikustekorik arte garaikideak eta kultur politikak?
Kultur politikak betidanik egon dira hor. Dena den, gaur ulertzen dugun zentzuarekin XX. mende hasierako hamarkadetan hasi ziren indarrean jartzen. Hor izango dugu Sobiet Batasunaren kasua, non artista abangoardistek euren lana proiektu politikoaren zerbitzura jarri zuten. Helburua? Artea eta kultura demokratizatzea, jende guztiari aukera ematea, ordura arte aberats eta eliteen eskura zegoen artea sozializatzea. Ordutik gauzak asko aldatu dira. Nahiko adierazgarria egiten zait urte berean, 1982an, batera agertzea bi testu. Alde batetik, UNESCOk ateratako “kultur politikaren” lehenengo definizio adostua eta, bestetik, Guattarik “Kultura, kontzeptu erreakzionarioa” izeneko hitzaldia. Abangoardistek ordura arte kontzeptu iraultzailetzat zeukatena, Guattarik erreakzionarioa zela esan zuen, kontrakoa! Lehen esan dudanez, Guattariren arabera arteak botere plusbalioa du, denok nahi dugu hura amortizatu, errentagarri egin eta geureganatu. Kultur politikariek laster deskubrituko dute botere plusbalio hori eta berehalaxe ekingo diote artea eta kultura ustiatzeari. Politika kudeatzaileen esku dago kultur politikak diseinatzea, eta horrela izan behar du. Komeni da, hala ere, Muruak egin zuen moduan, arte aholkulari egokiak izatea, eta ez ondoko publizistari galdetzea. Zoritxarrez, askotan ez da horrela gertatzen. Politikariek epe laburreko etekin politikoari ematen diote lehentasuna, eta hortik ez dator onik. Ez gara konturatzen mamu erraldoiek arte sisteman sortzen duten desorekaz.
Sistema desorekatu du Guggenheimek?
Berak baino gehiago, beraren itzalak. Izugarrizko efektu mediatikoa izan du. 90eko kultur eztandak, besteak beste, kultur paradigma berria ekarri zuen, hiri ereduetaraino hedatu zen, eta hor, arte garaikideak bere lekua izan zuen. Adibiderik argiena Guggenheim efektua da. Tira, “Guggenheim efektua” esaten dugu gurean, baina, atzerrian, “Bilbao effect” duzu… Oraindik orain irakurri dudanez, Ingalaterrako Margate herriak –glamourrik gabeko halako Zarautz bat–, Guggenheim efektua kopiatu nahi omen du! Hortaz, gurean ez ezik, kanpoan ere arte garaikidearen museoak bata bestearen atzetik ireki dira, efektu biderkatzailea izan du Guggenheimek, eta monolaborantza ekarri, baina artean museoak ez beste ekipamendu asko daude, orekari eusten diotenak.
Etxean ez gara museo zale amorratuak, baina ikusiak ditugu Gasteizen Arte Eder Museoa eta Artium, eta Bilbon Guggenheim eta Arte Ederretakoa. Bilbon, jendea ikusi genuen museoan. Gasteizekoetan, gu beste inor ez... Hiri guztiek nahi beren museoa, ordea! Dirua alferrik botatzea da hori?
Euskal Herria txikia da eta egia da erakunde politikoak bata bestearen gainean jartzea dela eta (udalak, aldundiak, Eusko Jaurlaritza), gurean hiru kultur politika gainjarri direla, askotan euren artean inolako elkarrizketa eta koordinazio barik. Horrek ekipamenduen errepikapena eta mimesia sortu du. Bai gurean, eta bai beste leku askotan ere. Hiri batean eta bestean museoak irekitzea, bakoitzaren beharrizanak aztertu barik, ez da ona. Gure herrian, bakoitzak bere kultur ekipamenduak ditu buruan, askotan besterenak kontuan hartu gabe, eta horrek oso antzeko diren ekipamenduak ekarri ditu, gure neurri eta beharrak zein diren pentsatu gabe… Guggenheim efektua leku askotan ahalegindu dira kopiatzen, gurean eta kanpoan, baina Bilbon baino ez du izan benetako eragina, ustekabeak behin baino ez duelako funtzionatzen. Ez dakit nik konponbidea zein izango den. Denok mahai baten inguruan jesartzeak asko lagunduko luke: elkarrizketa, batak bestearekin hitz egitea, bakoitzak bere lehentasunak eta arazoak planteatzea... Herri txikia garenez denok mahaiaren inguruan jesartzea gauza erraza dela uste dut. Horretarako borondatea behar da.
Eta ikusleak askotan egiten duen galdera? “Eta hori artea da?”, margolan zuriari begira, erdian marra urdin-urdin bat duena…
Klixe edo leku komun horren ordaina beste klixe bat da: “Komertziala den edozein artelan ezin da kalitatezkoa izan”. Bi klixeen jatorria abangoardia historikoek mahai gainean jarri zuten konpondu gabeko tentsio edo antinomia jakin batetik dator: abangoardia utopistak bere baitan promesa zekarren, arte berria denontzako izan behar duela, hau da, artearen demokratizazioa, baina, aldi berean, artea benetako artea izateko –arte berria, konforme ez dagoena, esperimentala, dagoenarekin kritikoa, erreboltaria–, autonomoa izan behar du, eta horren ondorioz ez-ulertua eta gaizki ulertua izatera kondenatuta dago. Abangoardia historikoak eta gero, jarrerek muturretara jo zuten: jarrera alexandriarrak –elitistak–, jarrera populistak, arteari mesfidantzaz begiratzen diotenak –“hara hor nik ulertzen ez dudan gauza bat. Ni gozatzeko eginda dago baina ez dut ulertzen. Tontotzat tratatzen naute”–. Artea ezagutza eta esperimentaziorako esparru espezifikoa da, ingeniaritza genetikoa ezagutza eta esperimentaziorako esparru espezifikoa den moduan. Bere lengoaia eta kodeak oso espezifikoak dira.
Arte ekosisteman, erakunde batzuk handiak, beste batzuk txikiak, denon artean osatzen duzue hura. Tartean zarete zuek, “Bulegoa z/b”.
Ez gara hasi zaharrak, azaroan hasi ginen, eta oraindik ez garela kokatu esango nuke. Periferikoak gara, gure egoitza ez da erakusketa aretoa ere, hitzaldiak egiten ditugu, performance-ak, proiekzioak… Lan iragankorrak dira, nahi baduzu. Gureak ez du museoak lezakeen ikusgarritasunik, horregatik diot instituzio txiki eta periferikoa garela. Esfera testuinguruan lan egiten dugu, gure solaskideak, bezeroak, aholkulariak… arte mundukoak dira denak, hala artistak nola bisitariak. Baita Solokoetxe auzoko jendea ere, bertan gaude-eta. Egitura txikia gara, baina sare baten barruan gaude, eta zenbait lan gauzatzeko gune aproposa izan daiteke gurea. Ekosistemaren parte gara, behartuta gaudelako, eta halaxe nahi dugulako.