argia.eus
INPRIMATU
Miren Gorrotxategi, Elkarrekin Podemos-IU
“Ertzaintza ‘jusapolizatzen’ ari da, eta Segurtasun Sailak bide horretan lagundu du”
  • Elkarrekin Podemos-IUren legebiltzarkideak Euskadi Irratian egin ditu adierazpenok, Ertzaintzako sindikatuen eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arteko ika-mika dela eta. Bere esanetan, bere burua "asindikal" bezala definitzen duen Ertzainak Indarbidez taldeak sindikatuen lana egitea "kontraesankorra" da.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2023ko ekainaren 07a

Ertzaintzako sindikatuen, Ertzainak Indarbidez taldearen eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren artean izaten ari diren adierazpen eta mobilizazioen harira hitz egin du Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak Euskadi Irratian, eta esan du Ertzaintza "jusapolizatzen" ari dela, bere iritzian.

Gorrotxategik garbi utzi nahi izan du lan baldintzak hobetzeko aldarrikapenak guztiz legitimoak iruditzen zaizkiola, eta horretarako elkarteak sortzea ere bai, "baina hori asmatuta dago eta sindikatua deitzen da", esan du. Zentzu horretan, "sindikatuen lana egin nahi duen gauza asindikal bat kontraesankorra" dela azpimarratu du, Ertzainak Indarbidez taldeari erreferentzia eginda.

Elkarrekin Podemos-IUko kidearen ustez "Ertzaintza jusapolizatzen ari da eta [Segurtasun] Sailak bide horretan lagundu du". Egoera hori, Ertzaintzaren "desberdinkeria" onartzeak ekarritako ondorioz sortu dela azaldu du politikariak.

Hala, adibide gisa Gasteizen Eusko Legebiltzarraren aurrean ekainaren 1ean gertaturikoa jarri du adibidetzat: "Jusapol moduko hauek manifestatu eta ordu eta erdiz eten zuten tranbia, eta ez zen ezer gertatu. Orain aste batzuk Tubacexeko langileek horrelako zerbait egiten saiatu ziren eta Ertzaintzak gogor erantzun zuen". 

Gorrotxategiren aburuz "neurtzeko oso modu desberdinak daude, segun-eta Ertzaintza zeinen aurrean aurkitzen den", eta hori Jaurlaritzaren Segurtasun Sailetik "ahalbidetzen" den gauza bat dela dio. "Desberdinkeria hori Sailak onartu du. Sindikalismoaren indarra ez onartzeak ekarri du Ertzaintza bezalako erakunde baten jusapolizazioa".