Euskal Herrian indarkeria matxistak aurten eragin duen lehenengo biktima izan da Mungiako hilketa. Info7 irratiak elkarrizketa egin dio Miren Aranguren Bilgune feministako kideari.
Heriotza gaitzesteaz gain, oraindik mota honetako indarkeriak duen dimentsioaz kontzientzia hartu ez dugula dio Arangurenek: “Indarkeria bizirik dago oraindik ere, gainera patriarkatuaren tresna nagusi izaten jarraitzen du emakumea nahi duen tokian kokatzen jarraitzeko”.
Indarkeria matxistari aurre egiteko neurri asko hartzen direla adierazi du Bilgune Feministako kideak, baina politikariek horri aurre egiteko plan estrategikorik duten zalantzan jarri du eta halakoen beharra azpimarratu du: “Hitzetatik ekintzetara pasatzea da gakoa”
Erronka ugari dituztela azaldu du, baina koordinazioak eta integraltasunak garrantzi berezia hartzen dutela indarkeriaren trataeran.
Mungiakoa bezalako kasu bortitzetan kalean erantzuna eman eta diskurtsoa indartzearen garrantzia azpimarratu du Arangurenek. Asteazken arratsaldean ere Mungiako hilketa salatzeko hainbat herri eta hiritan mobilizazioak egingo direla iragarri du eta bertan parte hartzeko deia egin du.