argia.eus
INPRIMATU
Miren Amurizaren ‘Pleibak’, 111 Akademiako irabazle
  • Unai Elorriagaren Francesco Pasqualeren bosgarren arima liburua izan da lehiako bigarren finalista.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2025eko maiatzaren 21
Miren Amurizaren artxiboko irudia. Dani Blanco/ARGIA CC-BY-SA

Euskal Literaturzaleen Akademiak aurtengo saria banatu du: Miren Amurizaren Pleibak eleberriari eman diote 2024ko literatur lan onenaren saria. Bozketan 218 akademikok hartu dute parte, eta bi finalistaren artean erabaki behar izan dute: Amurizaren Pleibak eta Unai Elorriagaren Francesco Pasqualeren bosgarren arima. Hiru bozketaren ostean, lehenak jaso du iazko literatur pieza onenaren izatea; ekainaren 5ean jasoko du saria Amurizak.

2000ko hamarkadako bi gazte irudikatu ditu Amurizak Pleibak eleberrian: Jone eta Poli, Poli eta Jone. Gaztaroko garai zailei herriko garai nahasiak batu zitzaizkion, eta jende askorentzat ispilu izan den kontakizuna plazaratu du berriztarrak. Ahozko erregistro bizian idatzita, laguntasun harreman estu eta konplexua da liburuko protagonista. “Askok eduki dugu lehenengo ‘bikote harremana’ lagun batekin, hala identifikatu ez arren”, azaldu zuen Amurizak berak ARGIAn egindako elkarrizketan.

Amurizaren eta Elorriagaren lanez gain, beste eleberri batzuk ere izan dira akademiaren aukeraketan; besteak beste, Joxean Agirreren Gizon barregarriak, Uxue Alberdiren Hetero eta Beñat Sarasolaren Coca-cola bat zurekin.