argia.eus
INPRIMATU
Miranderi buruzko zikloa abiatuko dute Iruñean, bere obraz eta figuraz gogoetatzeko
  • Astelehen honetan hasita, astebetez, Jon Miranderen obra izango dute aztergai: besteren artean, Mirande nor zen argitzeaz eta errepasatzeaz gain, bere figurarekin zer egin hausnartuko dute, polemikoak baitira bere hainbat adierazpen eta testu.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2025eko martxoaren 31
'Mirande, film bat egiteko zirriborroa' dokumentaletik hartutako irudia.

Urrian beteko dira 100 urte Jon Mirande poeta jaio zela; 1925ean sortu zen Parisen, eta 1972an hil. Mendeurrenaren aitzakian, Iruñeko Karrikiri elkarteak eta Hizkuntza Eskolak elkarlanean antolatu dute Jon Miranderekin dantzan zikloa. Astelehen honetan izango da lehen hitzordua: Josu Martinezek zuzendutako Mirande, film bat egiteko zirriborroa proiektatuko dute –ARGIAren dokumentalen kanalean ikusgai dago–, eta Martinezekin solastatzeko aukera izango da ondotik. Datorren astelehenera bitarte beste hiru ekintza ere antolatu dituzte, baita maiatzaren 9ra arte ikusgai egongo den erakusketa bat ere.

"Ez zen pieza bakarreko gizona Jon Mirande", adierazi du antolakuntzan aritu den Santi Leonek Euskalerria Irratian. Euskal literaturan oro har itzalean geratu den figura da idazlea, batik bat, Leoneren esanetan, leporatu izan zaion eskuin muturreko ideologiarengatik eta lizunkeriengatik. Horixe nabarmendu ohi da gaur egun Mirandez, baina antolatu duten ziklo honekin harago joan asmo dute.

Guraso zuberotarrak zituen Mirandek. Parisen sortu zen, eta ez zioten euskara transmititu. Heldutan hasi zen euskara ikasten, 1950eko hamarkadan, eta hasiera-hasieratik "tema zuen euskara eta euskal literatura eguneratzeko". Leonek azpimarratu duenez, Mirandek aldarrikatzen zuen guzti-guztia idatz zitekeela euskaraz, "ez soilik gauza zintzoak". Honela zioen: "Nire ametsak lizunak badira, eskubidea dut horretaz mintzatzeko euskaraz, gainerako literatura guztian egiten den bezalaxe". Leoneren irudiko, "ikaragarri diskurtso modernoa" zen hori.

Hori bai, eskandalua ekarri zuten landutako gaiek. Bereziki ezagunena da Haur besoetakoa liburua; labur esanda, itxurazko normaltasunez pederastia kasu higuin bat kontatzen du Mirandek hirugarren pertsonan –detaileetara jaitsi nahi duenak irakurgai dauka Miel A. Elustondok ARGIAn idatziriko erreportajea, liburu horren 50. urteurrenaren harira–. 

"Euskara eta euskal literatura eguneratu nahi zuen Mirandek"

Leonek, ordea, zera dio: "Ez dakigu Mirande ados zegoen edo ez ume hura horrela bortxatzeaz, posible da bere buruan hori egotea, baina nobela, bere osotasunean, oso aberatsa da. Sekulako pisua eman izan zaio pederastiari, baina gizartearen araua hautsi nahia sumatzen zaio Miranderi, garaiko Frantziako beste idazleengan ikusten den gisara". Horrez gain, Haur besoetakoa eleberriak sortutako harrabotsa Vladimir Nabokov-en Lolita (1955) nobelarekin alderatu du: "Azken horretan ere gizon pederasta bat da protagonista, baina maisulan gisa hartua da literatura ingelesean, ez dio kalterik egiten hizkuntzari". 

Nondik hasi Mirande irakurtzen?

Mirande ez dela erraza aitortu du Leonek, batik bat ez delako gaur egunean erabiltzen den euskara. Dena dela, bere gutunetatik hastea gomendatu du, edo baita ipuinak irakurtzea ere, itzulpen batzuk arras interesgarriak egin zituelako Mirandek beste hizkuntzetatik.

Arestian aipatu moduan, 1950eko hamarkadan ekin zion Mirandek euskara ikasteari eta idazteari –artean ez zegoen euskara batua sortuta, eta Paristik ari zen Mirande–. Nagusiki gutunak eskribitu zituen, gehienak Txomin Peilleni. Harekin zuberera erabili zuen izkribuetan, eta Jokin Zaitegirekin gipuzkera; "beraz, hainbat euskara ikasi zituen Mirandek", dio Leonek.

"Miranderen obra irakurri behar da iritzia emateko"

"Hasierako gutunetan, kristau demokrata dela esaten du, nahiz eta gero mesfidantza agertzen duen demokraziarekiko", kontatu du. Gerora, ordea, behin baino gehiagotan definitzen du bere burua antisemitatzat, erraten baitu "higuin" dituela juduak, "gorroto demokratak, gorroto masoiak". Eta, Leonek oroitu duenez, orduan hasi zen nazien aldeko adierazpen esplizitu batzuk egiten, "irakurlearentzat digeritzen zailak direnak".

Horri guztiari testuingurua ipini dio Leonek, propio esanda ez duela Mirande justifikatzeko betarik: "Hegoaldean, euskaldun batzuk ikusi zuten ez zegoela politika egiteko modurik, Franco zegoelako, eta marxismoaren bidetik azken batean bortizkeriara ailegatu ziren. Mirande, berriz, teorian demokrazia batean bizi zen, Frantziako Errepublikan, baina ikusten zuen zein jarrera zegoen gutxiengo etnikoekiko, baita euskararekiko ere. Ikusten hasi zen ez zegoela fidatzerik demokraziarekin, eta horrela heldu zen eskuin muturrera. Zerikusia izan zuten Britainiako nazionalistek, haien laguna egin baitzen".

Zer oroitu Mirandez?

Galdera hori maiz aterako da Miranderi buruz Iruñean antolaturiko jardunaldietan: "Zer atxiki nahi dugu Mirandez? Poeta handia zela ala nazien aldeko gizona?". Bere iritzia eman du Leonek artikulu honetarako oinarri darabilgun Euskalerria Irratiko elkarrizketan: "Ez zen pieza bakarreko gizona, baina memoria kolektiboan, uste dut, poeta gisa gorde beharko genukeela".

Finean, Mirande irakurtzeko gonbita egingo dute astelehen honetan hasiko den Jon Miranderekin dantzan zikloan, gerora kolektiboki pentsa dadin, hausnarketak plazaratu, "baina behin egilea ezagututa" Leoneren esanetan, "haren obra irakurri behar da iritzia emateko".

Erakusketa: hamabi panel Miranderi buruz

Martxoaren 31tik maiatzaren 9ra, Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialean paratu duten erakusketa zabalik egongo da. Miranderi buruzko hamabi panel prestatu dituzte, eta bakoitzean bere biografiaren alde bat aztertzea izan dute xede. Bada bat propio Haur besoetakoa-ri buruzkoa, esaterako.

Nabarmentzekoa da ere Jon Miranderen eta Gabriel Arestiren arteko harremanaren berri ematen dela paneletako batean, Xabier Olarrak idatzita. Miranderen garai bertsuko poeta inportantea izan zen Aresti –hain justu ere, bere heriotzaren 50. urtemuga izango da apirilaren 13an–. Mirandek, gutun batean, Arestirekiko diferentzia markatzen du eta Olarrak horixe bera eraman du panelera, Miranderen hitz hauek oroitarazita: "Arestik uste du misio bat duela herriari emateko, eta niretzako poesia hitz-joko bat da".

[Erakusketako panelen irudiak pasa dizkio Santi Leonek ARGIAri]