Eguberriotan lagunekin Triestera (eslovenieraz Trst) joan gara oporretan. Bertan, hainbat monumenturen artean Miramar-eko Gaztelua bisitatu dugu. Bitxia da eraikin horren historia. Habsburgtarren dinastiako Maximiliano Artxidukeak eraikiarazi zuen 1856 eta 1860 artean, Carl Junker arkitektoaren zuzendaritza pean. Maximiliano Austriako enperadorearen anaia zen eta bertan ezarri zuen bizilekua, Carlota emaztearekin; izan ere, orduan Trieste ez zen Italiaren parte, Austriar Inperioaren mende baitzegoen.
Alabaina, 1864an bizitza aldatu zitzaion Maximilianori. Urte hartan Napoleon III.ak Mexikon monarkia inperiala ezartzea erabaki zuen, Frantziak herrialde horretan zeuzkan interes komertzialak babesteko, Frantzia Mexikoko zorraren hartzekodun baitzen. Ondorioz, Ingalaterrako eta Espainiako gobernuen laguntzarekin zein Mexikoko kontserbadoreen babesarekin, koroa Maximilianori eskaini zioten. Maximilianok Miramarreko gazteluan egin zion harrera enperadore bilakatzeko proposamena zekarkion ordezkaritzari.
Gaztelua funtzio militarrik gabeko luxuzko bizilekua izan zen. Apaingarri arranditsu eta oparoak ditu. Estilo neogotikokoa da eta artelanez beterik dago. Itsaso Adriatikoaren bazterrean dago eta lorategi botaniko eder batek inguratzen du. Turistentzat han paratu dituzten kartelek ederki azaltzen dituzte eraikuntzaren, altzarien eta apaingarrien xehetasun guziak. Baita goiko solairuan Aostako Amadeo Dukeak XX. Mende hasieran Art Decó estiloan egin zizkion aldaketa eta berrikuntzak.
Baina bisitak aurrera egin ahala, azalpenen inguruko hutsunea nabaritu genuen, Artxidukearen azken hatsaren inguruan erreferentzia bakarra zegoelako. Karteletako batean, oso modu labur eta soilean, Maximilianoren «amaiera lazgarria» aipatzen zen, zer gertatu zitzaion azaldu gabe! Bazirudien ezkutatu nahi zutela Maximiliano 1867an fusilatu zutela. Kontua da, Mexikoko errepublikanoek, Estatu Batuetako Gobernuaren babesarekin, haren armada garaitu zutela. Atxilotu, epaitu eta hil. Horren guztiaren inguruko informaziorik, ordea, ez zegoen gazteluko azalpenetan.
Hari hartatik tiraka, halaber, ohartu ginen ez zela ematen informaziorik eraikuntzan parte hartu zuten langileen edota gazteluko zerbitzari eta neskameen inguruan; ezta Maximilianoren aberastasunaren jatorriaren inguruan ere. Eztabaida piztu zen gure artean: Zer kontatzen digute toki monumentalak bisitatzen ditugunean? Analisi estetikoarekin nahikoa al da ala atzean ezkutaturik dagoena ere kontatu beharko litzateke? Zergatik bisitatzen ditugu hura bezalako toki elitistak? Plazer estetiko hutsagatik?
Hango artelan eta apaingarrietan gazteluan bizi izan zirenen pentsamoldea islatu zuten: erlijiotasuna, militarismoa, kolonialismoa, balore patriarkalak… Esate baterako, anana sarri erabiltzen zuten motibo gisa, kolonietatik ekarritako luxuzko fruta baitzen. Bidaideetako batek esan zuen bezala: “Iduri duena baino gehiago erakusten dute pijokeriek. Baina horretarako ere begiratzen jakin behar eta deskribapen lausengari huts egitera mugatzen dira informazio panelak”.