argia.eus
INPRIMATU
“Minijob”-ak atzera bota ditu Nafarroako Parlamentuak
  • Nafarroako Parlamentuak ez du onartu UPNk indarrean jarri nahi zuen “lan eskaintza prekarioen” proposamena, eta Minijob izenez ezagun diren lanaldiak oztopatuko dituen legea tramitatzen hasi da, Izquierda-Ezkerrak (I-E) proposatuta.

Ane Lusarreta 2014ko maiatzaren 23a
Minijob deiturikoak ordu gutxiko lanaldia duten eta oso gutxi ordaintzen diren lanpostuak dira. (Argazkia: Kurz Berichtet)

Administrazio publikoan lanaldi osoko kontratuak egitea eta genero indarkeriaren biktima izandako langile publikoen mugikortasuna onartzea izango dira lege berriak barnebiltzen dituen aldaketetako batzuk.

Marisa de Simon I-E alderdiko parlamentariaren esanetan, legearen helburua langile publikoen lan baldintzak “funtzionarioen baldintzen berdinak” izatea da “posible den kasu guztietan”.

Ekimena Bildu, Aralar, PSN, Geroa Bai eta Izquierda-Ezkerrak babestu dute, eta UPN eta PPN abstenitu egin dira.

Minijob-ak, Alemaniatik etorritako eredua

Minijob deiturikoak ordu gutxiko lanaldia duten eta oso gutxi ordaintzen diren lanpostuak dira.

Alemanian ezarri ziren lehen aldiz, 2003an. Ez dute Gizarte Segurantzako kuotarik ordaintzen eta lanorduei dagokienez, kopurua zehazten ez den arren, soldata 400 euro baino gutxiagokoa izan ohi da.

Gaur egun Alemanian milioika herritarrek dihardute Minijob postuetan lanean, eta 2008an herrialdean hasitako krisialdi ekonomikoari aurre egiteko “neurri arrakastatsutzat” jo izan dute zenbait ekonomilarik eta Angela Merkelen gobernuak.

Sindikatu eta alderdi ezkertiarrak berriz, “esklabutzatik hurbil dagoen lanaldi prekarioa” dela azpimarratzen dute, eta ez “langabezia tasa altuarekin amaitzeko modu bat”.