La mécanique des fluides (Fluidoen mekanika)
Gala Hernández (2022)
Zer: Bideo-saiakera
Herrialdea: Frantzia
Iraupena: 39 minutu
Non ikusi: Filmin
----------------------------------------------
Road movie bat izan zitekeen. Sarean noraezean dabilen protagonista bat, kapitalismo konputazionalaren kableatuetan barrena, Interneten galdu den naufragoaren bila.
Gutun batekin hasten da dena. Beno, bere horretan, youtuber baten aurkezpenerakin. Ordenagailuko kamera esparatrapuarekin ilunduta duen gaztearekin.
Un chien andalou (1929, Luis Buñuel) film laburreko hasiera gogorarazi dit. Eszena ikonikoa: bizarra mozteko labana batekin begia urratzen dio gizon batek emakume bati. Mundua ulertzeko erabiltzen dugun organoa da begia, baina Buñuelek ulertezina ulertzeko gaitasunetara zabaltzeko gonbita egiten digu.
Ordenagailuko kameratik esparatrapua kendu eta kamiseta batekin aurpegia erabat estalita azaltzen da gaztea. Etsipena gordin munduratzen du: “Bizitza ezagutzen dugun bezala, galduta dago”. Zasta! Labana batekin urradura. Minaren erresonantzia kaxa txiki bat Interneten, lauki zuzena.
Filma gutun batekin hasten dela kontatzen nenbilen. Gala Hernández (Murtzia, Espainia, 1993) zuzendariak narratzaile papera hartzen du, berak idatzitako gutun bat irakurtzen. Anathematic Anarchist delako bati zuzentzen zaio. Incel edo “nahi gabeko zelibatuen” komunitate birtualekoa den trollari.
Ohar suizida bat publikatu zuen Anathematicek, Ameriketako Estatu Batuak bere “heriotzaren erantzule” eginez. Gala, sarean saltseatzen zebilela, gutun horretara iritsi eta azpikultura misoginoarekin enpatizatzeko ariketan murgildu zen. “Ni ere incela naiz” pentsatu zuen hasieran, “ni ere bakarrik nago gogoz kontra, maitasunerako gogoa izan arren, ez dut aurkitzen”. Eta Anathematic Anarchisten bila hasiko da orduan.
Angustia konektatuen koordenadak pantailara daramatza ikerlari murtziarrak. (Bideo-saiakera formatuaren kontzeptua erabili dezakegu deskripzio gisa?). Nahasten ditu incel gizonen bideo mordoa eta edertasun ereduaren sailkatze matematikoak, zita aplikazioen isolatze estrategiak eta bideojoko biolentoetako irudiak. Interneteko artxiboak birziklatuta, elementu digitalak bata bestearen atzetik sekuentziatuta irenstera garamatza. Bakardadearen pertsonaien enkarnazioaren bila. Itsasora botatako gutun bat, “agian eraldaketa ekarriko duen elkarrizketa” baten bila. Batzuetan ulertezina ulertzeko gaitasunetik, besteetan labanarekin zasta egiteko gogotik.