Ireki dute dagoeneko Euskal Herriko Unibertsitateak antolatutako Udako Ikastaroetan izena emateko matrikulazio epea. Militarrak eta Guardia Zibilak izango dira Ekialde Hurbileko gatazken inguruko ikastaroan.
Ekialde Hurbileko bidegurutzea: nola eragingo digu Estatu Islamikoaren aurkako gerrak? izena du EHUk antolatu duen udako ikastaroetako batek. Ikastaroaren helburua da Espainiako Estatuko hainbat instituziotako ordezkariekin Estatu Islamikoaren aurkako gerraren garapena aztertzea, eta gerra horrek Espainiako Estatuan, Europar Batasunean eta nazioartean izango duen eragina aztertzea.
EHUk gonbidatu ditu Espainiako militarrak eta Espainiako diplomatikoak ikastaro hori eskaintzera. Hizlarien artean daude Antonio Núñez García Sauco Espainiako enbaxadorea, eta Kanpo Harremanetarako ministro ohia, Carlos Gómez Arruche Espainiako Aireko armadako teniente jenerala eta Guardia Zibilaren zuzendari ohia, besteak beste.
Ikastaro horren kolaboratzaile nagusia Atenea taldea da. “Espainiako nazioaren partaide gisa”, bere estrategien eta ekintzen helburuak dira bultzatzea "espainiar kulturaren defentsa eta segurtasunaren kontzientzia”. Proiektuan "irmo konprometitutako” hainbat eragileren –Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostiako Udala– laguntza ere badute.
Hitzaldia gaztelera hutsean izango da, eta hizlari guztiak gizonezkoak dira, bat izan ezik. Ikastaroen webgunean irakur daitekeenez, udako ikastaroak dira Euskal Herriko Unibertsitatearen nortasunaren muin-muina.