Geroa Baik ohartarazi zuen atzo Nafarroako Gobernua osatzeko bidea "blokeaturik" zegoela, PSNk eta Maria Chivite-k ezer gutxi eskaintzen dietelakoan haien botoak behar dituzten alderdiei. EH Bilduk prentsaurrekoa eskaini zuen gero, egoera "desblokeatze" aldera: inbestidura babesteko asmoa du.
Baldintza berezirik jarri gabe, elkarrizketarako bidea prest izatea eskatu dio EH Bilduk PSNri, horixe delakoan erantzukizunez jokatzea. "Gure konpromisoa argia da: Nafarroaren etorkizuna eskuinak ez erabakitzea eta herritarren agindu demokratikoa betetzea", nabarmendu zuen astelehen arratsean Laura Aznal EH Bilduko ordezkariak.
Astelehen arratseko lehen orduan, Geroa Baik agerraldia egin zuen negoziazioak "blokeo egoera argian" zeudela ohartarazteko, hau da, azken legegintzaldian osaturiko akordioa berregiteko zailtasunak daudela adierazteko. Bide beretik, PSNri iradoki zion EH Bildurengana jotzeko, nahiz Chivitek lehendik publikoki esana izan ezer gutxi zuela negoziatzeko subiranistekin.
EH Bilduk hartu zuen hitza gero. Arduraz jokatzeko ordua dela azaldu zuen Aznalek, eta prestutasun osoa agertu egungo egoera desblokeatzeko. Chiviteren inbestiduran Geroa Bai-ren baiezko botorik ez balego, subiranistek esan zuten gobernua babesteko aukera aztertuko luketela, alegia, baiezko botoa eman dezaketela eta ez duela lau urteko abstentzioa. Izan ere, EH Bilduren bederatzi parlamentariekin, printzipioz PSNk eta Zurekin Nafarroak ez lukete Geroa Bairen baiezkoa beharko derrigorrez.
PSNk eta Zurekin Nafarroak astearte eguerdian iragarri dute bien arteko akordioa itxi dutela dagoeneko. Zurekin-ek kudeatuko du aurreko legegintzaldian zeukan Etxebizitza alorra.
EH Bilduk barne prozedura abiatuko du Chiviteren inbestidura babestu ala ez erabakitzeko; militantziarekin kontsultatuko du.