ELAk astearte honetan eman dio amaiera XVI. Kongresuari eta Mitxel Lakuntza aukeratu dute hirugarrenez idazkari nagusi, ordezkarien %90,37ren babesa lortuta. Aurrera begira lantokietako "botere sindikalean eta eragin politikoan" jauzi bat emateko beharra azpimarratu du, eta bide bakarra ikusi du: "Jauzi hori militantziaren bidez emango dugu".
ELAko ordezkariek aho batez babestu dute sindikatuaren hurrengo lau urteetarako ildo eta erronkak zehazten dituen ponentzia, astearte honetan Bilboko Euskalduna Jauregian amaitu den kongresuan. Onartutako ponentziak hainbat arlotan egiten du azpimarra, hala nola burujabetzan, lan antolaketan, negoziazio kolektiboan eta testuinguru sozioekonomikoan.
Grebak deitzearen "harrotasuna"
Pello Igeregi izan da ponentzia aurkezten azkena, eta ELAri instituzioetatik eta patronaletik grebara jotzeagatik egiten dioten kritikari erantzun nahi izan dio: "Azken lau urteetako berri on guztiak grebaren ondorioz etorri dira. Guk borrokaren epika aldarrikatzen dugu, inposatu nahi diguten errealitate gordina aldatzeko epika eraginkor bakarra delako. Ez dugu grebak deitzeagatik barkamenik eskatuko, harro gaude!".
"Azken lau urteetako berri on guztiak grebaren ondorioz etorri dira. Guk borrokaren epika aldarrikatzen dugu, inposatu nahi diguten errealitate gordina aldatzeko epika eraginkor bakarra delako. Ez dugu grebak deitzeagatik barkamenik eskatuko, harro gaude!"
(Pello Igeregi)
Kongresuan sindikatuaren karguak hautatu dituzte. Mitxel Lakuntza izango da hirugarrenez idazkari nagusi, ordezkarien %90,37ren babesa lortuta. Eta Batzorde Eragilean, berriz, Ane Bilbao, Luis Fernandez eta Unai Oñederra sartuko dira, Xabi Anza, Joseba Villarreal eta Amaia Aierberen partez.
Lakuntzaren hitzaldiak eman dio amaiera ekitaldiari. Ponentziak aipatzen dituen hainbat gaietan sakondu du, eta esan du "konfrontazio eta kontrabotere ereduari esker" lortu duela sindikatuak borrokak irabaztea.
Era berean, sindikalgintzatik eta gizarte zibiletik politikan eragiteko zilegitasuna defendatu du ELAko buruak. Elkarrizketa sozialerako mahaitik harago, benetako negoziazio kolektibo baterako baldintzak eskatu ditu: "Patronalak eta gobernuek margen txiki batzuk uzten dituzte negoziaziorako. Mezua argia da: ez dago aukerarik funtsezko aldaketarako. Eta guk negoziazio kolektiboan eta politikan funtsezko aldaketak behar ditugu".
"Benetako jauzi bat eman nahi badugu lantokietan dugun botere sindikalean eta eragin politikoan, bide hori soilik modu batean egin daiteke: jauzi hori militantziaren bidez emango dugu" (Mitxel Lakuntza)
Datorren lau urteetan sindikatua indarberritzeko eta "jauzi bat" emateko, ELAk lantokietan militantzia areagotzea izango du erronka eta helburu nagusia: "Benetako jauzia eman nahi badugu lantokietan dugun botere sindikalean eta eragin politikoan, bide hori soilik modu batean egin daiteke: jauzi hori militantziaren bidez emango dugu", esan du Lakuntzak.
Gutxieneko soldataren aldeko borroka
ELA Hego Euskal Herriko lehen sindikatua da afiliatu aldetik, 104.000 kiderekin. Kongresuan, ponentzia nagusia babesteaz gain, printzipioak berritu eta hiru ebazpen ere onartu dituzte Bilbon izan diren sindikatuaren 689 ordezkariek.
Aurrera begirako konpromiso batzuk jasotzen dituzte ebazpen horiek: "Euskal Errepublika burujaberantz" urratsak ematen jarraitzea; Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata propioa lortzeko ekimen eta mobilizazioak bultzatzea; eta Europaren diskurtso "belizista eta xenofoboari" aurre egitea.