argia.eus
INPRIMATU
Bere militante batek eraso “faxista” jasan duela salatu du Tolosaldeako Kontseilu Sozialistak
  • Larunbatean pertsona talde batek Tolosaldeako Kontseilu Sozialistako kide bati eraso egin ziola salatu dute. Azaldu dutenez, "faxistei aurre" egin zien propaganda jartzen ari zirela, eta piperbeltz espraiarekin zipriztindu zuten.

Unai Lomana Uribezubia 2025eko otsailaren 12a
28 kanala

Antolakundeak sare sozialen bidez jakinarazi du aurreko larunbatean kide batek erasoa jasan zuela. Azaldu dutenez, pertsona talde bat "propaganda euskal nazia" jartzen ari zela ikusi eta "aurre egin zien" gazteak. Piperbeltz espraia bota eta alde egin zuten.

Gedarrek argitaratu duenez "faxistak euskal odolaren" aldeko eta "migratzaileen kontrako" mezuak zabaltzen ari ziren, eta "Europaren alde borrokatzeko, odolaren deia" bezalako leloak zituzten kartelak ari ziren itsasten.

Tolosaldeako Kontseilu Sozialistak "erreakzioaren gorakada eta faxismoaren igoera" salatu ditu, eta adierazi "Europan eta Euskal Herrian agertzen ari diren talde berriak" horren adierazle direla. Borrokarako deia egin du, eta "langile klasearen batasuna eta antolakuntza" ezinbestekoa direla aldarrikatu.