Estatu Batuetan egun gutxi falta dira presidentea aukeratzeko. Bozkatu nahi duen orok printzipioz hiru baldintza bete behar ditu: AEBtako biztanle izatea, buru-ahalmen osoa izatea eta aurretik deliturik ez egin izana.
Aurrekariak izateak eragiten duen betoak zeresana eman izan du Estatu Batuetan. Lau urtetik behin 5,3 milioi pertsona erroldatik kanpo geratzen dira arrazoi honengatik. Estatu bakoitzak bere lege propioak ditu gaia erregulatzeko. 50 estatuetatik bik bakarrik, Vermont eta Maine, ematen diete presoei bozkatzeko eskubidea eta baldintzapeko askatasunean dauden pertsonei hamalauk. 31 estatuk ez diote bozkatzeko aukera ematen polizia aurrekariak dituen edonori.
Historialari ugarik argudiatu dutenez beto honek estatuak bizi izan zuen gerra zibilean du jatorria. Orduan, hainbat estatu beltzei bozkatzeko eskubidea ematen hasi ziren.
Erregistro korapilatsua
Bozkatu ahal izateko, herritarrek, adinez nagusiak direla eta buru-ahalmen osoa dutela frogatu behar dute, ez baitago nortasun agiririk. Bestalde, estatu gehienetan berriz erregistratu beharra dago bizilekuz edo abizenez aldatzen den bakoitzean. Alderdi politikoz aldatzean ere hala egin behar da, erregistratzean norbanakoak bere burua demokrata, errepublikano edo independentetzat duen azaldu behar baitu.
Askoren ustez, erregistratzeak dakartzan eragozpenek boto-emaile posible asko kanpoan uzten ditu, batez ere, maila ekonomiko apalenetakoak. Pew analisi zentroaren ikerketa baten arabera biztanleen %24 —51 milioi pertsona inguru— ez dago erregistratuta.
Horrez gain, hauteskunde oro asteartean egiteak atzera botatzen ditu herritar asko. Bozkatzeko leku finkorik ez egoteak eta landa eremuetan bizi direnek haien botoa emateko egin beharreko distantzia luzeek ere parte hartzea murrizten dute. Azken hamarkadetan abstentzioa ia %50ean kokatu da, botoa eman dezaketen erregistratu gabeak eta erregistraturik daudenak kontuan izanik.
Erregulazio era honek errepublikarren alde egiten du teorian, maila apalenetakoei eta gutxiengo arraza taldeei eragiten baitie gehien, demokraten alde egin ohi dutenak. Ondorioz, oso gai politizatua da. Adibidez, latinoak 55,2 milioi dira Estatu Batuetan, biztanleriaren %17a, baina horietatik 25,4 milioi bakarrik daude hauteskunde hauetan bozkatzeko izen emanda.
Ikerketaren arabera, egun dauden 24 milioi erregistro ez dira baliozkoak, hildako 1,8 milioi pertsona baitaude erregistraturik eta 2,75 milioi inguru bi leku desberdinetan erregistratuta daude besteak beste.