argia.eus
INPRIMATU
Milioi bat euroko aparkalekua Gaztelugatxen: obra gelditzeko sinadurak biltzen ari dira
  • Bizkaiko Foru Aldundiak ia milioi bat euro gastatu nahi du Gaztelugatxeko biotopo babestuaren eta kontserbazio bereziko eremuaren inguruetan 51 autorentzako aparkalekua eraikitzeko, "Trafikoa antolatu eta baretze" aldera.

ARGIA @argia 2019ko azaroaren 13a
Geroz eta masifikatuago dago Gaztelugatxe, industria turistikoak egiten duen ustiapenagatik.

Egin nahi duten aparkalekuarentzat proiektatutako obrak 1.600 metro koadroko plataforma eraikitzea ekarriko luke, hormigoizko harri-lubetazko hiru horma berri, 3.000 metro kubo hondeaketa, 9.500 metro kuboko betelana, drainatze-lanak eta beste hainbat lan ere bai, malda handiko ezponda batean.

Atzera bueltarik ez lukeen obra litzateke eta “garestia” dela salatu du SOS Gaztelugatxe plataformak. “Espezie autoktonoekin berriki birpopulatutako eremu bat suntsitzea dakar”, talde horren arabera eta adierazi dutenez, “arriskuan jartzen ditu inguruko balio naturalak, paisajistikoak, kulturalak eta sozialak”.

Gainera, SOS Gaztelugatxeren ustez, proiektu honekin ibilgailu pribatuaren erabilera sustatzen jarraitzen da, horrela kutsadura eta CO2 emisio, zarata, hauts eta eragozpen gehiago sortuz herritarrei. “Aparkalekuak, dei efektuagatik, ez du gainez egitearen arazoa konponduko. Aitzitik, hori larriagotzen eta natura-ingurune babestua nahiz bisitarien esperientziaren kalitatea degradatzen lagunduko du”, plataformaren esanetan.

Gaztelugatxe Game of Thrones telesailean agertu ondoren etengabe sustatu da eta erakunde publikoek bultzatu egin dute gainera. Emaitza: Bizkaiko bigarren helmuga turistiko bilakatu da, Guggenheimen ondoren.

SOS Gaztelugatxe plataformaren ustez, Bizkaiko Foru Aldundiak estrategiak diseinatzen jarraitzen du amu turistiko hori sendotu eta indartzeko eta Bizkaiko kostalde osoko motor ekonomiko bihurtzeko, “garapen jasangarria”, “turismo berdea” eta “ingurumenaren babesa” bezalako kontzeptuak “modu engainagarrian eta interesatuan” aipatuz.

Horri aurre egiteko eta, zehazki, aparkalekuko obrak geldiarazteko, sinadurak biltzen ari dira Change.org plataformaren bitartez eta dagoeneko 17.000 lagunek baino gehiagok babestu dute eskaera.