argia.eus
INPRIMATU
10.000 pertsona elkartu ditu “Gara”-k Donostiako zezen-plazan hiru milioiko zorrari aurre egiteko
  • Hamar orduko etengabeko musika emanaldiaz gozatu dute bertaratutako ikusleek; guztira 30 talde izan dira igandean egindako jaialdian, 30 minutuko kontzertuekin. Berri Txarraken kontzertua izan da jende gehiena erakarri zuen kontzertua.

ARGIA @argia 2019ko ekainaren 10
Jaialdiko irudia naiz.eus

Goizeko 11:30an hasi zen jaialdia Donostiako Illunbe zezen-plazan, Zea Mays taldeko Aiora eta Piti musikariekin. Eguna lasai hasi zen, baina pixkanaka jende gehiago gerturatzen hasi zen. Arratsaldeko zazpi eta erdietan hasi zen Berri Txarraken kontzertua, jende gehien erakarri zuen kontzertua; egunean zehar 10.000 pertsona elkartu zirela esan du Gara egunkariak berak.

Iñaki Soto Gara-ko zuzendariak agerraldia egin zuen jaialdian, egunkariaren egungo egoera eta helburuak argitzeko: “Hunkituta gaude… ez dugu etsiko, eta zuentzat lan egiten jarraituko dugu” adierazi zuen jendaurrean.

Hiru milioiko zorra

Egin egunkaria itxi eta bost urtera, 2003an, Gara-ri esleitu zioten Egin-ek gizarte-segurantzarekiko zuen zorra: 4,7 milioi euro. Azkenean, 2019ko urtarrilean Gara eta gizarte-segurantza akordio batera heldu ziren, eta 3 milioi euroko zorra ordaindu behar du orain egunkariak. Beste gauza batzuen artean, egunkariak sei hilabetero milioi erdi euroko ordainketak egin behar dituela hitzartu dute. Zor honi aurre egiteko, igandean egindako jaialdia eta bestelako ekitaldiak ari dira egiten.