argia.eus
INPRIMATU
Milaka lagunen manifestazioa Dublinen, abortatzeko eskubideari buruzko erreferendumaren atarian
  • Abortatzeko eskubidearen aldeko Martxak milaka lagun bildu ditu asteburuan Dublinen. Tradizio katolikoak pisu handia du Irlandan eta konstituzioak berak debekatzen du abortua, 14 urtera arteko espetxe-zigorrekin. Datorren udaberri-udarako gaiari buruz erreferenduma iragarri du Gobernuak.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2017ko urriaren 02a

Amak arriskua izanez gero baino ez du onartzen haurdunaldia etetea Irlandako legediak. Gobernua planteatzen ari da abortatzeko kausen artean fetuaren malformazioa, bortxaketa eta intzestua ere gehitzea, baina araudi malguagoa nahi dute abortu eskubidearen aldeko elkarteek, eta etetea 24. astera arte luzatzea eskatzen dute.

"Bizi garen gizarte mota definitzen duen gai bati buruz iritzia emateko aukera eskaintzen du erreferendumak", adierazi du Stella Creasy diputatu laboristak.

Agintarien datuen arabera, 2016an bakarrik 3.000 emakume irlandar inguruk bidaiatu zuten Britainia Handira abortatu ahal izateko. Elkarteen esanetan, are handiagoa da kopurua.