Gaza Hiria osorik okupatzeko onartu berri duten planaz kezkatuta, milaka israeldarrek Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroari exijitu die Hamasekin akordio batera iristeko "gerra amaitu" eta zerrendan dituzten bahituak aske uzteko. Herrialdeko lehen ministroak, ordea, bahituen askapena "atzeratzen" ari direla leporatu die manifestariei, Hamas garaitu gabe "gerra" amaitzera dei egiteak Hamas "indartzen" duela argudiatuta.
Gazan bahituta dauden israeldarrak askatzearen aldeko manifestazio ugari egin badira ere, areagotzen ari dira Israelen Netanyahuren jarrera politikoaren aurkako ahotsak. Igandean, milaka lagunek Tel Aviveko kaleak hartu dituzte, Israelgo Segurtasun Kontseiluak duela bi aste eskas onartu zuen Gaza Hiria osorik okupatzeko planaz kezkatuta, zerrendan Hamasek atxilotuta dituen israeldarren egoera are larriagoa egingo duelakoan.
Israelgo Gobernuak emandako datuen arabera, Hamasek oraindik 50 bahitu ditu, eta horietatik 20 inguru bizirik leudeke. Hain zuzen, gatibu horien senideek sortutako Bahituen eta Desagertutako Familien Foroa plataforma izan da deialdia egin duena. Poliziak jakinarazi du 200.000 israeldar inguru izan direla egun horretan eginiko mobilizazioetan. Poliziak gutxienez 40 pertsona atxilotu ditu. Manifestazioez gain, Tel Aviv Jerusalemekin lotzen duen errepide nagusia ere moztu dute manifestariek.
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak manifestariei leporatu die "Hamas indartzea", erakunde palestinarra "garaitu" gabe "Gazako gerra amaitzera dei egiteak atzeratu egingo bailuke zerrendan bahituta dauden israeldarren askapena". Finantza ministro Bezalel Smotrich, berriz, egotzi die gobernuaren aurkako eta Hamas indartzen duen kanpaina "maltzur eta mingarria" abiatzea. Mobilizazioetan parte hartu du sionismoaren oposizioko buru Yair Lapidek, gatibuak "euren familiei itzuli behar zaizkien israeldarrak" direlako: "Ez dira Israelgo Gobernuak gerra helburuekin sakrifikatu ditzakeen peoiak".
Mobilizazioetan Gazako genozidioa ez dute aipatu ere egin, baita Israelek haren espetxeetan gatibu dituen 10.000 palestinar baino gehiago ere ez.
Guztira 263 dira Gazan goseteaz hildakoak, horietatik 112 haurrak
Israelek hamazazpi palestinar hil ditu igandetik astelehenera bitarte, horietatik bost goseteaz. Horrela, Gazako Osasun Ministerioaren arabera, 2023ko urriaren 7az geroztik guztira 263 dira zerrendan elikagai eskasiagatik hil diren palestinarrak –horietatik 112 haurrak–, Israelek Gazara bidalitako laguntza humanitarioari ezarria dion blokeoagatik.
Horrez gain, Israelgo armadak baieztatu du igandean Yemengo Sanaa hiriburuari eraso egin diola: hain zuzen, erasoak hiriburu hegoaldeko elektrizitate azpiegitura izan du jo-puntuan, matxino huthiek "jarduera terroristentzako" erabiltzen dutela argudiatuta. Matxinoek, erantzun gisa, Tel Aviveko Ben Gurion aireportura misil bat jaurti dute, Israelgo aireko defentsa sistemek suntsitu badute ere.