argia.eus
INPRIMATU
Milaka lagunek babestu dituzte indarkeria matxistaren aurkako mobilizazioak Euskal Herrian
  • Emakumeen kontrako indarkeria salatzeko protesta eta elkarretaratzeak antolatu dituzte mugimendu feministek Euskal Herriko hiriburu zein udalerrietan.

IƱigo Igartua @igartua19 2018ko azaroaren 26a
Indarkeria matxistaren aurkako Donostiako mobilizazioaren irudia. Argazkia: @HamaikaTb

Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako nazioarteko egunean, azaroak 25, Euskal Herriko kaleak kolore morez bete dituzte milaka lagunek indarkeria matxista gaitzesteko mugimendu feministek antolaturiko protestetan. Emakumeen bortxaketen aurrean biktima babesten ez duen sistemari, erantzun bateratua eman eta autodefentsa feminista aldarrikatuz erantzun diote.

Donostiako mobilizazioetan, Injustizia patriarkalaren gainetik, saretze feminista aldarrikatu dute. Maratoia dela eta, ezohiko bidea egin behar izan dute manifestaziora bertaraturiko askoren haserrerako. Bilbo eta Gasteizen ere jendetza bildu da bertako mugimendu feministek antolaturiko protestetan.

Mobilizazioen arrakasta ere ez da txikiagoa izan Nafarroako hiriburuan, Game Over, Indarkeria Sexistari kitto lemapean. Indarkeria matxistaren aurkako aldarriez gain, Skolae programaren aldeko oihuak entzun dira.

Euskal Herriko beste hiriburu eta udalerrietan erakutsi dute beren babesa egun osoan zehar egindako mobilizazio eta elkarretaratzeetan. Toki guztietan, indarkeria matxista salatu eta berarekin amaitzeko “benetako” politikak eskatu dituzte.

Jarraian, Iruñeko mobilizazioetako Ahotsa.info-ren bideoa: