Mugarik Gabeko Medikuak elkarteak azaldu duenez, tenperatura baxuek oso egoera larria eragiten ari dira Serbian dauden errefuxiatuengan. Urtarrilaren 3an heldu zen elurra Belgradera. Momentu horretan 1.700 pertsona inguru zeuden bertako kaleetan lo egiten, inongo aterperik gabe. Izoztuta hil dira hainbat, erakundeak azaldu duenez, eta beste askok gaixotasun larriak dituzte.
Negua heldu zenetik, industria biltegietan eta eraikin hutsetan babesten dira errefuxiatuak. Azken asteetan zero azpitik hogei gradu izatera ere heldu dira Serbian. Berotu ahal izateko, plastikoa, egurra edo beste edozer gauza erretzen dute kaleetan bizi direnek. Horren ondorioz, ke toxikoa arnastu eta infekzioak izan dituzte askok. Beste hainbatek hotzak eragindako gaixotasun larriak dituzte.
Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak zazpi berogailu instalatu ditu, Andrea Contenta aholkulariak azaldu duenez. Hala ere, ez da izan nahikoa zenbait pertsonaren heriotza ekiditeko. Serbian ez ezik, Bulgarian, Mazedonian, Albanian, Bosnian eta beste hainbat herrialdetan ere antzeko egoera bizi dute errefuxiatuek. Hori dela eta, galdera bat bota die Contentak Europako eta herrialdeetako autoritateei: “Migrazioaren gaiari dagokionez, zein da epe luzerako plana?”.