argia.eus
INPRIMATU
Milaka juduk Palestinaren askapenaren alde lan egiteko konpromisoa berretsi dute, “sionismoaren krimenen aurka”
  • Milaka lagun bildu ziren Vienan ekainaren 13tik 15era, lehen edizioa izan zuen Judu Antisionisten Kongresuan. Hiru egunez eztabaidatu eta hausnartu ostean, ohar bat argitaratu dute Israel palestinarren aurka egiten ari den genozidioaren eta garbiketa etnikoaren aurrean ahotsa altxatzeko. Mendebaldeko herrialdeek genozidioan duten konplizitatea ere azpimarratu dute: "Genozidioa egiten ari den estatu bati armak saltzean, gobernu horiek erantzukizun legal eta morala dute".

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko uztailaren 30
Ekainaren 13tik 15era Vienan egin zen Judutar Antisionisten Kongresuko argazki bat. Judutar Antisionisten Kongresua

"2023ko urriaren 7az geroztik Israelek gerra krimen guztiak salatzen ditugu: garbiketa etnikoa, apartheida, bi milioi palestinar kanporatzeko gosetea metodo gisa eta gure garaiko gerra krimen larriena den genozidioa", adierazi du Judu Antisionisten Kongresuak igandean argitaratutako ohar batean, ekainaren 13tik 15era Vienan milaka judutar eta ez judutar bildu zituen kongresuaren amaierako deklarazio gisa

Orain arte Israelen aurka zigorrik ez dela jarri gaitzetsi dute kongresuan bildutakoek, nahiz eta Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluaren eta Batzar Nagusiaren ebazpenak "behin eta berriz" urratu dituen. Estatu sionistak eginiko gerra krimenen ondorioz, bi milioi zibil Gazako eremu txiki batean "espetxeratuta" daudela salatu dute oharrean, "ura, elikagaiak, osasun baliabideak eta osasun arreta eskuratzeko aukerarik gabe". Krimen horiek 1948an egiten hasi ziren krimenen zerrenda luze baten azkenak besterik ez direla azpimarratu dute.

Mendebaldearen konplizitatea

Kongresuan bildutakoek jo-puntuan jarri dituzte Mendebaldeko hainbat herrialde –"AEBen, Europako Batasunaren, Erresuma Batuaren, Kanadaren, Australiaren eta Zeelanda Berriaren gidaritzapean"– palestinarren aurkako genozidioan duten "erantzukizun legala eta morala". "Gerra krimen eta gizateriaren aurkako krimen horiek ez lukete babesik izango Mendebaldeko potentzien laguntza militar, ekonomiko, politiko eta diplomatikorik gabe". 

Genozidioa egiten ari den estatu bat "zilegiztatu" eta hari armak saltzean, Palestinaren aurkako sarraskian konplizeak izatea leporatu diote Mendebaldeko potentziei. Gainera, oharrean dei egin diete mundu osoko herrialdeei eta gizarteei "beharrezkoak" diren neurriak hartzeko Gazako genozidioa gelditzeko, Genozidio Delitua Prebenitzeko eta Zigortzeko Konbentzioarekin dituzten betebeharrak betetzeko. 

Mundu osora hedatzeko konpromisoa

Lehen edizioa aurtengoa izan badu ere, Judu Antisionisten Kongresuaren antolatzaileek adierazi dute dagoeneko hurrengo urteko edizioaren prestaketei ekin dietela, eta konpromisoa hartu dute mugimendua Europako herrialdeetatik mundu osora hedatzeko, batez ere Hegoalde Globalera, "mundu osoko ahots antisionistak" barne hartzeko: "Ezinbestekoa da juduek sionismoaren aurka bat egitea leku guztietan, Palestinaren askapenaren aldeko mugimendu globalarekin lankidetzan eta elkartasunean".