Milaka gazte manifestatu da Durangon, burujabe izan nahi dutela aldarrikatzeko

  • 19:00ak pasatxo hasi zen manifestazioa Landako Gunetik, bertan elkartu ziren gerora Durangoko kaleak aldarrikapenez beteko zituzten milaka gazteak.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2015eko abenduaren 09an - 09:17

Independentziaren aldeko oihuekin abiatu zen manifestazioa. Bengalak eta Espainiako Konstituzioaren aleak eskuetan, "gazte ta aske irabazi arte!" bezalako leloek zabaldu zioten bidea kapitalismoa, patriarkatua edota txikizioaren kontrako oihuei. 

Ibilbidean zehar gazteak "merkantzia" gisa erabiltzen dituzten "politikari eta esplotatzaileak” markatu zituzten. Horien aurpegi edota banketxeetako logoekin margotutako paperezko pankartak hautsi zituen gazte blokeak. Presentzia nabarmena izan zuten, baita ere, espainiar “erregimenaren” edota Paul Abasolo bortxatzaile indultatuaren kontrako salaketek.

Santa Ana plazan amaitu zuten protesta, ekitaldi batekin. Presentzia nabarmena izan zuten azken egunotan Euskal Herrian zehar “lapurtutako” ikur “faxistek”: Espainiako edota Europar Batasuneko ikurrak, Frankismo garaiko xaflak, etb. “Soka guztiak apurtzeko garaia irtsi dela” azaldu eta sutara bota zituzten ikurrok buruberokiekin estalita azaldu ziren gazteek. Aldi berean, manifestari guztiek eskuan zuten Espainiako Konstituzioaren alea puskatu zuten.

"Bizitzeko jaio gara, eta erabakia hartuta daukagu: bagoaz sistema kapitalista patriarkaletik”, ohartarazi zuten. Espainiarekin "apurtzearekin" batera, gazte boterea sortzen ari direla azaldu zuten, eta beraien buruen jabe izan nahi dutenez, alternatibak sortzera doazela autogestioaren eta antolakuntzaren bidez. Euren hitzetan, herriz herri egingo dute lan. "Su txikiek ekarriko dute alternatiba: Euskal Herri gorri, more eta berdea”.

Bestalde, aitorpena egin zioten Ezker Abertzleak martxan jarri berri duen ‘Abian’ prozesuari. Gazteen ezinbesteko papera jokatuko dutela adierazi zuten: "Izaera errebeldeaz marraztu behar dugu gaurko eta biharko askapen borrokaren izar gorria”.

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ernai
Ernaik salatu du Zelaia eta Barbadoren atxiloketan herri oso bat makurrarazteko estrategia bat dagoela

Gazte antolakundeak "amorrua anbizio bilakatzeko gaitasuna" azpimarratu du. Atxiloketa prozesuaren atzean dagoena salatzea ez ezik, Ernairen norabidea zehaztu du.


Ernaiko kideak Bilbon eta Gasteizen kateatu dira, Barbado eta Zelaiaren espetxeratze aginduaren kontra

Bilbon, Espainiako Gobernuaren ordezkariordetzan egin dute ekintza; Gasteizen, Ertzaintzaren komisaldegi atarian. Ertzaintza gazteen aurka oldartu da, eta Gasteizen bost pertsona atxilotu ditu.


Eguneraketa berriak daude