argia.eus
INPRIMATU
Milaka esku Miarritzen, bakearen eta presoen alde
  • Bake Bideak eta Bakegileak deituta, giza kate jendetsua egin da larunbatean Miarritzen. Frantziako Estatuari pauso berriak eskatu dizkiete konponbidearen arloan oro har, eta bereziki presoenean.

ARGIA @argia 2019ko ekainaren 10
Ekitaldiaren unea, giza katea amaitu ondoren. Argazkia; Insurgente.org

Miarritzeko Hotel du Palais eta Birjinaren Haitza lotu zituen larunbat arratsaldeko giza kateak. 3.000 pertsona batu ziren antolatzaileen arabera, “Bakea Euskal Herrian: Orain presoak!” lelopean. Giza katea amaituta, Kasinoko plazan egin zuten ekitaldia.

Presoen gaiak Ipar Euskal Herrian adostasun zabalak bildu ditu. Horren erakusle, elkartutako jendetzaz eta deialdiak jasotako babes ugariez gain, ekitaldian hitza hartu zuten pertsonak. Lehendabizi Miarritzeko auzapez Michel Veunacek eta Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak hitz egin zuten. Etxegaraik pauso berriak eskatu zizkion Frantziako Estatuari presoen alorrean.

Bake Bideko presidente Anaiz Funosasek hartu zuen hitza ondoren. Berriak jaso duenez, bakearen beharra aldarrikatu zuen Funosasek. Baina ez edozein bake: “Ez armen isiltasunera mugatzen den bakea; elkarbizitza posible egiten duen bakea baizik. Iragan mingarri batetik abiatuz, etorkizun baketsu demokratiko eta giza eskubideetan oinarritua bermatzen duen bakea”.

Justizia trantsizionalaren eta biktimen gaiei ere heldu beharra defendatu zuen Funosasek. Presoen auzia kokatu zuen une honetan erdigunean, edonola ere. Salbuespeneko neurriak bertan behera uztea, hurbiltzeak azkeneraino eramatea eta baldintzapeko askatasunak ematen hastea exijitu zuen Bake Bideko presidenteak. Harago joan beharra ere defendatu zuen: “Salbuespenezko neurrietatik at, ezinbestekoa da koadro juridikoa bake prozesuari egokitzea. Pentsaezina baita elkarbizitza bat posible dela pertsona batzuek oraindik hamar edo hogei urte preso pasatu behar badituzte ondorio mingarriak konpontzen ari garen gatazka batean”. Jakes Esnal, Frederic Haranburu, Unai Parot eta Jon Kepa Parot ere gogoratu zituen, 30 urte preso daramatzaten herritarrak.

Hemen Ahotsak-ek jasotako irudiak: