argia.eus
INPRIMATU
Mila pertsonatik gora zauritu ostean, Katalunia utzi dute Espainiako Gobernuak bidalitako poliziek
  • Hiru hilabete baino gehiago egin dituzte Katalunian. Espainiako Barne Ministerioak antolatutako operazioa amaitu eta milaka polizia Espainiara itzuli dira, azkenak iragan larunbatean.

Andoni Mikelarena @andonimik 2018ko urtarrilaren 02a
Arg: EFE

98 egun iraun ditu Espainiako Barne Ministerioak antolatutako “Koperniko” operazioak. 52 eraso eta 1.066 zauritu dira polizia operazioak utzitako balantzea. Irailaren 20an Ekonomiako Kontseilaritzan eta beste zenbait erakundetan egindako polizia operazioaren ondoren iritsi ziren Espainiako Poliziaz eta Guardia Zibilez beteriko barkuak Bartzelonako Portura.

“Piolinak” zalaparta ugari sortu zuen sareetan Bartzelonako portura iritsi bezain laster. Helburu batekin joan ziren Kataluniako hiriburura, urriaren 1eko erreferenduma ez zedila egin bermatzea. Irailaren 20tik urriaren 1era bitarte hamaika miaketa egin zituzten Katalunian zehar barreiatutako poligono, inprenta eta zenbait hedabidetan ere.

Heldu zen urriaren 1a eta polizia operazioa bere une gorenera heldu zen. Goizean goizetik hauteslekuak itxi eta hautetsontziak lapurtzen jardun zuten milaka poliziek. Mila zauritutik gora eragin zituzten egun hartan. Hurrengo egunetan polizia hauen aurkako protestak Katalunia guztira hedatu ziren, hotelen kanpoaldean edo Portuan bertan, poliziek lo egin ez zezaten gau guztian zehar sirenak joaz. 98 egunen ondoren, Katalunia utzi dute indar polizialek, 32 milioi euro inguru kostatu den operazioa amaitutzat eman ostean.