argia.eus
INPRIMATU
Analisia
Mikrofonoak antzokietan
Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2025eko apirilaren 14a

"Eskatu txanda eta egingo dugu bat zurekin", esan dio estudioetatik ari den esatari prestu eta animatuak Bilboko kaleetan dabilen berriemaile gazteari. Aurkezlea entzuleei zuzendu zaie segituan. "Bien bitartean, Iruñera goaz...". Han zabaldu dute linea. Hirugarren konexioa bost minutu pasatxoan.

A zer nolako zarata sartzen den Nafarroa Arenako korridoreetatik. Ilara luzeak egin dituela jendeak, hala kontatu du berriemaileak, eguerdi partean eman duela buelta bat Alde Zaharretik eta Nabarreria inguruak jendez leporaino zeudela, aldarte onean, Duguna dantza taldekoekin kalejira hasi baino minutu gutxi lehenago... "Gaur jendetza Iruñean”, laburbildu du kazetariak. "Eta ez alferrik. Mitoaroa berpiztea ez da txori-kaka”. 2025eko urtarrilean egindako triskantza historikoaren zortzigarren urtemuga, infinitu astronomoaren zenbakia, horixe da gaur berrospatuko dutena Nafarroa Arenan. Eta han daude, han dira euskarazko irrati telebista publikoaren kamera eta mikrofonoak, eta han bezalaxe daude Bilbon, Bira Kulturguneko bertso-musikatu aldi baten berri ematen; Hondarribian ere bai, Psilocybenean, Bidasoaldeko rock taldeen jaialdian; eta Baionako Michel Portalen, Axut kolektiboaren obra berriaren estreinaldian.  

Agurtzane Intxaurraga eta Mikel Aylloni duela ez hainbeste entzun nien Euskadi Irratian: imajina dezagun komunikabide publiko nazional bat, asteburuetako arratsalde luzeetan, bi futbol estadio, eskubaloi kantxa bat eta frontoi batekin konexioak egiten aritu beharrean, antzoki banatan ipintzen ditugula mobilizatutako berriemaile horiek, hango berri zuzenean eta lasai ederrean ematen, jendearekin hitz egiten, prentsaurrekoak eta agerraldiak lineara entxufatzen... eta futbolaz egiten dituzten bezainbesteko analisiak egiten kontzertuez eta antzerki-obrez.

Horra joan zitzaidan burua Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lehendakari Imanol Pradales aditu nuenean esanez “kalitate demokratikoa hobetzeko” konpromisoa hartuko duela gobernuak, zertarako eta “herri gisa aurrera egiteko”.

Niri, hori entzundakoan, garunaren zoko bateko ilusioak zera esan zidan: herri gisa aurrera egiteko, kultura erdigunean ipini behar dela. Frontoietako edota txirrindularitzako jarraipen ederrak betirako galarazi gabe, horiek ere herria egin egiten baitute... baina nire ilusioak ez du nahi lehiako kirolak herririk egiterik. Herriak hizkuntza behar baitu, eta, Ximun Fuchsi berriki entzun diodan moduan, "kultura gaixo bada, hizkuntza ezin da bizi". Gaixo dagoenak, inoiz baino gehiago, zaintza behar izaten du.