Mikis Theodorakisek azken kontzertua zuzendu du hunkituta 92 urterekin

  • Mikis Theodorakis musikari greziar mitikoak bere omenez ekainaren 20an antolatutako kontzertu jendetsuan orkestra eta 1.000 ahotsez osatutako korua zuzendu zituen aulki gurpildunetik. Oso zahartuta ere lanean jarraitu duen Theodorakisen despedidan, Panatinaikos estadioan, aldamenean eduki zituen Greziako lehendakari Prokopis Pavlopoulos eta legebiltzarreko lehendakari Nikos Voutsis.


2017ko ekainaren 23an - 12:27

Bi kanta zuzendu zituen musikari patriarkak, horietako bat Sto Perigiali To Krifo (Hondartza ezkutua), bideo honetan ikusentzun dezakeguna.

Zinezaleek Mikis Theodorakis ezagutuko dute Zorba Greziarra filmaren musikan entzuten den Sirtaki piezatik. 1970kadako giro ezkertiarrak bizi izan zituen askok, berriz, Pablo Nerudaren Canto General kantata bihurtu zuelako. 1980ko hamarkadan II. Mundu Gerran naziek egindako Holokaustuaz "Mathausengo kanta" estreinatu zuen. Baina munduan ospea eman dioten pieza horietatik harago, greziar askorentzako ezkerrarekin eta nazioarekin errotik konprometitutako musikari ikonoa bizia da. 

1925ean sortua, gaztetatik Alderdi Komunistako kide, Theodorakis musikari ezaguna zen 1967an militarrek Koronelen kolpea eman zutenean eta espetxean bukatu zuen. Batetik bera gose greban, bestetik Europako intelektual ezagunak haren aldeko kanpainan, Parisen bukatu zuen errefuxiatu. Konstituzioa berrezarritakoan itzulirik, zenbait kargu politiko eduki zuen, tartean ministro ere bai. Beti eduki du presentzia publiko handia eta 2015ean dei larri bat zabaldu zuien herritarrei krisi betean Europar Batasunaren eta Troikaren planei aurre egin eta Greziaren demokrazia, lurra eta askatasuna defenditzeko.

Theodorakis zaharra "Vrexei sti Ftoxogeitonia" (Euria ari du auzune txiroan) gidatzen.

Astearteko kontzertua, "Grezia osoa Mikisekin bat: 1.000 ahots" Atenasko legebiltzarrak antolatua zen, eta kronikek diotenez orkestra handiaz gain 30 herritako abesbatzek hartu zuten parte 50.000 entzuleren aurrean. Theodorakisek berak aurretik adierazia zuen ez zuela nahi Greziako kantari ezagunek edukitzea protagonismo nagusia –horiekin beste kotzertu askotan aritua zen– baizik eta jendeak izan behar zuela sujet, batasun beharrean den Grezia irudikatzeko. Theodorakisek berak bi kanta zuzendu zituen aulki gurpildunetik eta hunkituta amaitu zuen.

Mikis Theodorakis, aldean dauzkala Greziako eta legebiltzarreko lehendakariak. (Argazkia: Keep Talking Greece)
Mikis Theodorakis aldean dauzkala Greziako eta legebiltzarreko lehendakairak. (Argazkia: Keep Talking Greece)

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kontzertuak
Zuzeneko kronika
Behin baziren baionar batzuk...

Willis Drummonden agur besta

Non: Intxaurrondoko kultur etxean, Donostian

Noiz: Urtarrilaren 5ean

Gonbidatuak: Zetkin, Elvis Caino DJ, Indezen DJ eta Zumitrenko DJ.

------------------------------------------------

... esango dugu noizbait. Joan ikustera, baina... [+]


Eguneraketa berriak daude